|

Julen Zulaika, 'Ahozkoaren mesedetan, kantutik kontura' liburuaren bi alerekin, Zarauzko Torre Luzea ondoko parkean.argazkia: a.l.
"G ERO eta zailtasun gehiago ditugu hitz egiteko, bai jendaurrean eta baita pertsonalki ere. Lehen, komunikazio gehiago egoten zen jende artean kalean eta, esaten dutenez, gizarte guztietan ari da gertatzen hori", azaldu du Julen Zulaikak, Zarauzko 25 urteko bertsolari gazteak. Ikastolen Elkartean lan egiten du, Arabako Federazioan, bertsolaritzako arduradunekin. Bere lana eskolak emateaz gain materiala egitea da. Horren harira, aspalditik ahozkotasuna lantzeko eta ahozko jarioa hobetzeko musika irakasleentzako zerbait egin beharra zegoela konturatu zen eta aurten lortu du buruan zuena liburu baten bidez egi bihurtzea.
Ahozkoaren mesedetan, kantutik kontura du izena bere liburuak eta Lehen Hezkuntzako musika irakasleei zuzendutako hamabi orduko unitatea da. Elkarteko irakasleek erabiliko dituzten 200 ale dituzte, momentuz, bertso, kantu eta ipuinez jositako txosten gehigarriarekin batera. "Liburuan jarduerak azaltzen dira, ariketa bakoitzaren helburu orokorrekin eta, kasu batzuetan, eranskinaren zenbakia agertzen da, irakasleak txosten gehigarrira jo dezan. Adibidez, kantu ezagun bat aukeratu eta horri letra bat euskaraz egitea gomendatzen da", azaldu du.
Zulaikak liburuan Euskaraz Bizi ikastetxeetako materialean asko erabiltzen den teknikari eusten dio. Lehen mailakoek ipuin bat sortu beharko dute, taldeka, ondoren hirugarren ziklokoei kontatu eta hauek musikatu eta besteen aurrean kantatu beharko dute. "Azken finean, gaztetxoenek beraiek baino helduagoak direnak eredu-tzat dituzte eta helduagoek beren burua irakasten ikusten dute", nabarmendu du bertsolariak.
sormena landu Zulaikak azaldu duenez, liburuaren bitartez talde lana lantzeaz gain, sormena ere bultzatzen da, eta irakasle zein ikasleen parte-hartzea ere bai. "Duela bi hilabete Euskal Herriko 15 irakasle bildu ginen material hau sortu eta gure artean sare bat sortzeko. Duela hilabete berriro bildu ginen Mintegia egin eta materiala aurkezteko. Musika irakasleak nahiko ahaztuta daude, bakoitzak bere metodoak erabiltzen ditu eta horrelako gauzak eginez batu egin daitezke denak", adierazi du Zulaikak. "Eginiko lanaren bitartez euskara irakasgaian eginiko ipuin bat musika eskoletan kantu bihurtu daiteke, ikasleek ikusi dezakete etekina atera diezaioketela lanari", nabarmendu du.
Mintegia egin zenean lanaren ale batzuk banatu zituzten eta egileak azaldu duenez, jendeak gustura hartu du bere lana: "Irakasleak kon-tziente dira gabezia bat dagoela hitz egiteko orduan, bai sentimenduak adierazteko, nahiz kritikaren bat egiteko. Nire planteamendua, taldean lan egin, jendaurrean aurkezpenak egin eta, bide batez, eszenatoki batera igo eta ahozko forma landuko balute bezala sentitzen dira parte-hartzaileak".
"Ideia aspalditik nuen eta denbora luzea eman dut egiten, urte eta erdi inguru hau guztia biltzeko", azaldu du Zulaikak. Bertsolaria hamaika urte zituenetik dabil bertsolaritza munduan murgilduta eta eskolak eman izan ditu Aizarnazabal, Zarautz eta Arabako herri ezberdinetan. "Bertsolaritza Gipuzkoan nahiko zabalduta dago, baina Araban ezberdina da, euskararen mundua ere oso galduta dago, horregatik bertsoak irakastean kantu bat balitz bezala erakutsi behar dituzu, motibazioa piztuz", adierazi du Zulaikak.
"Jakina da bertsolaritzak, literatura baliabideak izateaz gain, beste balore batzuk ere eskaintzen dituela. Azken finean ahozko jarioa lantzen ari zara, momentuan egiten duzun proiektu bat da, euskaraz egina eta hitz jokoak erabiliz sentimenduak adierazten dituzu, gai tristea nahiz alaia izan", nabarmendu du zarauztarrak.
Zulaikak argi dauka inguru erdaldun batean, naturalki hizkuntza bat hobetzea oso zaila dela, ez baita hitz egiten. "Niri gertatu zait Gasteizen lagunekin kafetegi bateko terraza batean zerbait edaten egon eta zor-tzi urteko ume bat gerturatu euskaraz ari zarete! harriduta esanaz. Haur hark euskara ikastolan bakarrik hitz egiten zela zuen buruan. Egoera hori aldatu beharra dago eta bertsolaritzaz gain, antzerkiak edo ipuin kontaketek balio dezakete horretan laguntzeko, azken finean, arte mota bat eskaintzean datza", azaldu du Zulaikak. "Amu bat ematen diezu eta beraiek tira eta jarraitzen badute hizkuntza eboluzionatu eta hobetu egingo da, nahiz eta giro erdaldun batean egon", baieztatu du bertsolariak.
Zulaikak bere lana pauso bat besterik ez dela esan du: "Hau hondar ale bat da bakarrik, lan asko dago egiteko ahozkotasuna bultzatzeko eta orain artekoarekin hausteko".
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Hosting |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |