Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
bertako gaia

Azpeitiko euskalkiaren altxorra

Azpeitiko hitz eta esapideak biltzen dituen Azpeitiarrez natul liburua aurkeztu dute. Azpeitiarrek azpeitiarrentzat egindako lana.

2018(e)ko urtarrilaren 31a, asteazkena - 06:03etan eguneratua

votos |¡comenta!
Natul Euskara Taldeko, Udaleko eta Uztarriako ordezkariak 'Azpeitiarrez natul'liburuaren aurkezpenean.

Natul Euskara Taldeko, Udaleko eta Uztarriako ordezkariak 'Azpeitiarrez natul'liburuaren aurkezpenean. (Argazkia: Eregi)

Galería Noticia

  • Natul Euskara Taldeko, Udaleko eta Uztarriako ordezkariak 'Azpeitiarrez natul'liburuaren aurkezpenean.

Herritarrek, ohiturek, hizkerak, historiak... denek osatzen dute herri baten nortasuna. Herritarren bilketa erroldan egiten da, ohiturena transmititu egiten da belaunaldiz belaunaldi, historia hainbat liburutan jasotzen da eta euskalki edo hizkerarena normalean jaso gabe geratzen da. Baina Azpeitian, azpeitiar hitz eta esaldiak liburu batean bildu dira;Azpeitiarrez natul.

"Hau ez da herritarrei azpeitiarrez nola idatzi irakasteko jarraibideen hiztegi bat. Azpeitian erregistro informalean edo ahozkotasunean erabiltzen diren hitzak eta esapideak jaso nahi izan ditugu;lehen erabiltzen zirenak eta orain erabiltzen direnak. Denak leku komun batean jasotzea nahi genuen", agertu du Azpeitiko Natul Euskara Taldeko kide den Eneritz Albizuk.

Euskara taldea eta Uztarriaren elkarlaneko egitasmoa orain urtebete jarri zen abian. Hala, herritarren laguntza eskatu zuten hitzak nahiz esapideak jasotzeko eta horretarako, hainbat bide jarri zituzten herritarren eskura. Adibidez e-postaz 100 ekarpenetik gora jaso dituzte eta beste hainbeste proposamen bildu dira herriko hainbat gunetan jarri zituzten itsulapiko bidez.

Bilketa prozesua oso polita izan dela onartu arren, lanketa berezia egin behar izan dutela agertu du Natul elkarteko kide den Garbiñe Bereziartuak: "Ekarpenei galbahea pasatu behar izan diegu. Izan ere, zer onartu eta zer ez erabaki behar zen. Irizpide batzuk jarri genituen, baina horiek fintzen eta egonkor-tzen joan dira bukaera aldera. Bukaeran gelditu zaizkigu garbi liburua osatzerakoan erabili beharreko hiru irizpideak zeintzuk ziren".

Modu honetan, hiru irizpide horiek Azpeitian soilik erabiltzen diren hitzak eta esapideak, Azpeitian asko erabiltzen direnak edo adiera berezi batekin erabiltzen direnak eta Azpeitian erabilera galtzen ari direnak izan dira. Honela, hitza edo esapidea, esanahia eta adibide bat jarraitutako eredua liburuan. Era berean, genero, hezkide-tza eta inklusio ikuspuntuak ere errespetatzen saiatu dira adibideak jartzekorakoan. "Ahalik eta lan txukunena egiten saiatu gara", gaineratu du Bereziartuak.

Azpeitiarrek egindakoa Liburuak azpeitiarren "altxorra" jasotzen duela adierazi dute arduradunek, izan ere, Azpeitian egindako lanketa hau beste zenbait herritan ez litzateke posible egitea. "Euskalgintzak elkarlanean egindako liburua da honako hau. Horregatik, eskerrak Uztarriari egunero egiten duen lanagatik, eta Natuli ere bai, euskara hizkun-tza bizi bat dela demostratzeagatik. Azpeitian posible da horrelako liburu bat egitea, beste herrietan ez dakigu, baina gurean bai, euskarak denerako ematen duelako", adierazi du Eneko Etxeberria alkateak.

Natul Euskara Taldeak, ordea, azpeitiarrak jarri ditu proiektuaren oinarri: "Herritarrek egindako liburuxka da. Azpeitiarrak dira proiektu honen oinarria, beraiek bidali dituztelako esapideak, eta horrek egiten du berezi liburu hau. Herri ekimenetik sortutako liburua da, eta herriak ondu du. Horri berebiziko balioa ematen diogu, liburu honek, denona izanik, gehiago balio duela uste baitugu", nabarmendu du Albizuk. Eskertza horretan sartu dituzte liburua ilustratzeko erabili diren marrazkien artistak. Izan ere, herriko ilustratzaile desberdinei hitz edo esapide batzuk eman zaizkie eta hauek, modu librean, euren interpretazioa egin dute.

Azpeitiko euskalkia bildu den arren liburuan, euskara batuaren garrantzia ere gogorarazi nahi izan dute Euskara taldekoek: "Gure euskalkia bizi-bizia da, gure herria bezala. Euskalkiari balioa eman diogu, baina euskara batua ere denona da;biak osagarriak dira, bakoitza bere momentuan erabili behar da", esan du Albizuk. Josu Labaka Euskara zinegotzi eta UEMAko lehendakariak Azpeitiko herriak euskararekiko duen konpromisoa azpimarratu du: "Azpeitian hegemonikoa da euskara, hutsuneak hutsune, eta euskararen arnasgunea da gure herria. Zoritxarrez, Euskal Herriko egoera ez da horrelakoa, eta azpeitiarroi ere badagokigu ingurukoak diren eta ez diren herrietan eragitea eta ardura puntu hori hartzea".

Jarraipena izango du Herriko hizkeraren inguruko lehenbiziko liburuxka kaleratu badute ere, Natulek hitz eta esapide bilketarekin jarraitu egingo duela aurreratu du. "Liburu irekia da, bukaeran orrialde zuriak jarri ditugu herritarrek proposamen gehiago idazteko, eta etorkizunean, baliteke liburuxkaren bigarren edizio mardulago bat kaleratzea", esan du Garbiñe Bereziartuak. Era berean, Natul taldeak webgunea, https://azpeitiarreznatul.weebly.com, elikatzen jarraituko du. "Urtebete honetan familia eta lagun artean izan diren eztabaida txiki horiek mantentzea nahi dugu eta gainera, hiztegia hobetzen eta erabiltzen hasteko baliagarria izatea nahi dugulako".

Liburua lortu nahi duenak dagoeneko eros dezake. Horretarako, Uztarriaren egoitzara (Perez Arregi plazatxoa, 1 behea) joan beharko da, eta bost euroren trukean eskuratu ahal izango da. Uztarriako bazkideek, berriz, etxean jasoko dute liburua, guztiz doan. Eregi


Liburuan jasotakoak

'Abitañen piñupien karta jokuen ibili'. Hilda egon.

'Axkoitiko eztarrire'. Kontrako eztarrira joan.

'Bagitxitxin'.Bagoaz.

'Motzanekue'. Oso buruargia ez dena.

'Mamaxa'.Saltsa edo zalaparta.

'Paolak kontau'.Alferrikako gauzak kontatu.

'Sugelinderie'. Sugandila, lagartija.

'Txermena'.Udarea (fruta).

'Xanue'.Inuzentea.

'Lokumutxe bota'. Siesta txikia egin.

'Lepo'. Asko.

'Lantzurdie'. Gauez izotza egindakoan goizean belarrak izaten duen izotz kapa.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido


COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902