Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Txapela bezain saio biribila eginaz irabazi du Maialen Lujanbiok finala

Harmailak bete dituen publiko gogotsuari eta zortzi finalisten saio bikainari esker, Bertsolari Txapelketa Nagusiak azken saio ederra izan du Barakaldon

Dabi Piedra - Lunes, 18 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:12h

votos |¡comenta!
Bertsolariak oholtzara bidean, jendartearengandik berotasuna jaso dutela.

Bertsolariak oholtzara bidean, jendartearengandik berotasuna jaso dutela.

Galería Noticia

  • Bertsolariak oholtzara bidean, jendartearengandik berotasuna jaso dutela.
  • Aitor Mendiluzek publikoaren txalo zaparrada jaso zuen bigarren sailkatu ondoren.
  • Saio borobilaren ostean, merezitako txapela jaso du Lujanbiok Sebastian Lizasorengandik

Barakaldo- Zortzi urte geroago, Txapelketa Nagusiko txapel preziatua berriro Maialen Lujanbiok jan-tzi zuen, Barakaldoko Bizkaia Arenan jokatutako final bikainean nagusitu baitzen hernaniarra. 2009koaren ondoren, bigarren txapela du eta, aurreneko hura bezala, bigarrena ere ondo merezita irabazi du: Irungo finalaurrekoan indar betean zetorrela sumatu zi-tzaion Lujanbiori eta atzoko finalean dizdira handiko saioa osatu zuen, goizean goizetik hasi eta azken ariketaraino.

Ideia zorrotzak eta freskoak bota-tzen ditu Maialen Lujanbiok plazara irteten den bakoitzean, hausnarketaz betetako ikuspegi originaletatik heltzen die gaiei. Horri gehitu behar zaio BECen izan zuen inspirazioa, ariketa bakoitzean beretik utziaz eta bertso bakoitza goitik behera landuaz. Bazkalorduko etena heldu zenerako, zale eta aditu guztien ahotan zebilen Lujanbioren izena, berak zuen abantaila puntutan eta sentsazioetan. Bazkalostean nagusitasun horri eutsi zion eta buruz burukoan jo zuen errematea, finala lasai eta dotorea biribilduz.

Irabazle bat eta txapel bakarra dauden arren, Aitor Mendiluzeren lana ere egundokoa izan zen eta hura ere txapeldun handia izango zen Lujanbioren berebiziko sasoiarekin topo egin izan ez balu. Puntuak batzen abila da andoaindarra eta bikain eutsi zion saio luzeari.

Buruz burukoa jokatu zuten Mendiluzek eta Lujanbiok, BECen batutako 14.600 zaleen gozamenerako. Gainerako sei finalistek ere saio ederra bete zuten, denek motibazioz gainezka ekin zioten. Oholtzatik sentitu zuten publikoaren babesa, txalo zaparradak eta animo oihuak etengabeak izan baitziren. Euskal kulturan pareko ikusminik eragiten duen ekitaldirik aurkitzea nekeza da.

Hirugarren lekua Sustrai Colinarentzat izan zen, honek ere buruz burukoa hurbil izan zuen. Laugarren Amets Arzallus 2013ko txapelduna izan zen. Aurreko txapelketan eman zuen mailatik koska bat beherago aritu zen hendaiarra, batez ere goizean, eta txapelaren lehiatik kanpo utzi zuen horrek. Bosgarren Igor Elortza izan zen, beti bezain sendo eta zuzen. Aitor Sarriegik, aldiz, kolpe onak utzi zituen, baina puntuak batzeko orduan besteen azpitik ibili zenez, seigarren lekuarekin konformatu behar izan zuen. Beñat Gaztelumendik ere ez zuen bere onena ematerik izan, eta zazpigarren izan zen. Unai Agirrek, bere lehenengo finalean, zortzigarren amaitu zuen. Esan beharra dago, sailkapenak sailkapen, denak aritu zirela bikain, final batek eskatzen duen neurrian.

Zortzi finalistek talde-lanean bat eginda atera zuten saioa aurrera. Elkarren lehiakide ez ezik, kantulagun ere bazirela garbi utzi zuten hasieratik eta, hala, elkarri lagunduz joan ziren bertsoaldi bikainak kateatzen. Maialen Lujanbiok hasierako agurrean eman zuen horren berri: “Geure buruaren kontra, geure munduaren alde” egindako jarduera da bertsolaritza. Ofizioetan elkarri entzunaz eta erantzunaz, saio gozagarria egin ahal izan zuten.

Gai serioari umoreaZortziko handiko ariketan, ideien arteko trukaketa ona eskaini zuten Lujanbiok eta Unai Agirrek, publizitatea egiteko eskaintza mamitsuak jaso dituzten kirolari profesionalen azaletik. Gai serioari amaiera umore-tsua emateko gai izan zen, gainera, Lujanbio. Zortziko txikian, Elortza eta Lujanbio bizilagunak ziren. Lujanbioren sexu-jolasek Elortza esnatu zuten gauean eta, biharamunean, igogailuan, durangarrak hau bota zion: “Kendu ezazu tonto, irribarre hori”, eta hernaniarrak: “Duzun inbidia horrek, zimeldu zaitu zu”. Saioa berotzen hasi zen orduan, “sexua suertea dela, hala nizun entzun/ ta antza dena zuri tokatu zitzaizun”, segitu zuen Elortzak, ondoren Lujanbiok gaueko “efektu bereziak” aipatu zituen. Puntukakoa pasata, Lujanbio, Mendiluze eta Colina nabarmentzen hasiak ziren.

Ordura arte, giroa bero zegoen, baina behin betiko txinparta falta zen. Hamarreko txikian lehertu zen BEC, Aitor Sarriegiren bertsoekin. Bezperan greba egin zuen irakaslearen ahotik zera bota zuen: “Ta politikariak, gugandik ihesi/ ez logopeda ezta, ez behar berezi/ horrela ezin dugu gizarterik hezi”. 14.600 zale gogotsuk eragiten duten burrunba une hartan entzun zen bete-betean. Herriko talde batek doan jotzeko eskatu zien Arzallus eta Colina musikariei, eta azken horrek ondo biribildu zuen bere lana: “Joan okindegira, inoizko arrunten/ eska ezazu ogia, ahal bada sin gluten/ eta ea debalde, ematen dizuten”.

Kartzelakoan, hauxe zuten gaia: “Atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak”. Sarriegik berriro berotu zuen publikoa, bere burua ikastola bateko irakasleen gelan erdaraz ari ziren irakasleen kidetzat aurkeztuz: “Eta nolakoa izango, da gure etorkizuna/ haurrei eskatuz gero, geuk egiten ez duguna”. Maialen Lujanbio, beste behin, paregabe halako ariketa batean. Familiarekin arazoak izan eta berriro etxera itzuli denaren ahotik, istorio biribil eta hunkigarria eraiki zuen.

MaisutasunaEtenaldiak ez zuen giroa hoztu eta arratsaldekoari indar betean ekin zioten bertsolariek. Puntuka barre algarak atera zizkieten entzuleei eta, Elortzaren eta Colinaren kasuan, ariketa hasieratik amaierara maisuki eraman zutela aipatzekoa da. Bakarkakoan ere ale ederrak entzun ziren, bereziki Lujanbioren partetik. “Ama izan zara, denek diote pozik egon behar zenukeela, baina zu ez zara hala sentitzen” gaia eman zioten. In-vitro haurdunaldia izan zuela kontatu eta gero, hala biribildu zuen hernaniarrak berea: “Xiringa baten genea baina, nire aurpegia daukazu/ ta luze gabe adiskide izan, beharko gara ni ta zu”.

Igor Elortzak ez zuen gai erraza, clown ikastaroari ekin dion lotsatiaren eskutik, baina ondo aurkitu zuen bidea: “Clown ikastaroan egin, gura nuen nik buelta/ aspergarria izaten, aspertu nintzen eta” lehenengo, gero “sudur gorri bat ipini, behar izan dut tarteko/ sudur puntan jartzen zaidan, guztia egiteko”. Sustrai Colinarena harrigarria izan zen, lehendakariari aipamen eta guzti.

BerebizikoakBuruz burukoan, izerdia hitzari bota behar izan zioten bertso bana Lujanbiok eta Mendiluzek. Ondoren, gai honi hiruna bertso: “Bada ordu erdi auto bera atzetik duzula”. Ikuspegi erabat diferenteetatik heldu zioten erronkari. Lujanbiok bezero baten autoan, eta Ertzaintza atzetik segika dutela, doan prostituta baten papera hautatu zuen. Hiru bertsoak berebizikoak izan ziren, hona azkenaren amaiera: “Horrelakoxea baita, gu prostituton papera/ irabazten dugula ere, galtzen ateratzen gera”.

Mendiluzeren lana bikaina izan bazen ere, sari-banaketaren unean Maialen Lujanbiok irabaziko zuela ziurtzat zuten gehienek. 1.756 puntu eman zizkioten epaileek, Mendiluzeri 1.680,5. Sebastian Lizaso bertsolari handiak jantzi zion txapela Lujanbiori, eta ondoren bertsoa botatzera animatu zen: Txapelaz gozatzeko eskatu zion txapeldunari, “txapelak ere gozatu dezan, buru ahaltsu horretan”. Agurretarako tartea ere izan zen atzokoa: Aitor Sarriegik eta Igor Elortzak hurrengo txapelketan ez dutela parte hartuko iragarri zuten. Txapelketa honek erakutsi du, baina, haien lekua hartzeko hautagaiak egon badaudela. Hurrengo lau urteetan, ordea, Maialen Lujanbioren buruan egongo da txapela: Altxor biribila, saio biribil baten sari.

Irabazlearen agurra

Herri hau herri egin al dugu

ze eman du bizikidetzak?

Zenbat eman du euskalduntzeak

ez behar beste guretzat.

Berrogei urte ta garaia da

egurasteko ametsak

akaso hortan bertsolaritza

ona da adibidetzat.

Beti ez du goitik behera egiten

trasmisioaren trentzak.

Guk behetik gora ikasi dugu

ta zabaldu muga ertzak

Lehengoekin ta gaurkoengatik

txapel hau gerokoentzat.

Sailkapena

8 H 8T PE 10T KAR 6M PUN GE BB GUZTIRA

Maialen Lujanbio 153,00 155,00 145,00 135,50 158,00 138,00 156,00 156,50 559,00 1.756,00

Aitor Mendiluze 140,00 135,00 141,00 140,00 148,00 137,00 146,00 151,00 542,50 1.680,50

Sustrai Colina 135,00 136,00 140,50 138,00 138,50 146,50 161,50 141,50 ------- 1.137,50

Amets Arzallus 138,50 132,00 145,50 137,50 125,50 143,50 164,50 149,00 -------- 1.136,00

Igor Elortza 133,00 155,00 128,00 141,00 129,50 131,00 159,00 147,50 -------- 1.124,00

Aitor Sarriegi 133,00 140,00 130,50 143,50 141,50 137,00 139,50 142,50 -------- 1.107,50

Beñat Gaztelumendi 127,00 132,50 123,00 136,000 137,00 137,00 138,00 146,00 -------- 1.076,50

Unai Agirre 138,50 137,00 123,00 127,50 126,50 123,50 153,50 143,00 -------- 1.072,50

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido


COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902