Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Sasoian eta eroso ekin dio Aitor Mendiluzek txapelketari

Beste bost bertsolarien gainetik aritu da Durangoko finalaurrekoan eta eskura du BECeko finala

Dabi Piedra - Lunes, 13 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

votos | ¡comenta!
Aitor Mendiluze, atzo Durangoko lehiaketan.

Aitor Mendiluze, atzo Durangoko lehiaketan. (Argazkia: Gari Garaialde/XDZ)

Galería Noticia

Durango - Durangoko Landako guneko saio politarekin bukatu zen Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako aurreneko fasea, 2.100 entzuleren berotasunean. Finalistak zein izango diren hurrengo fasean erabakiko da, baina Aitor Mendiluzek hanka eta erdi BECeko oholtza gainean duela esatea ez da gehiegizkoa. Epaileek 740,5 punturekin saritu zuten andoaindarraren jarduna, hau da, finalaurrekoetako puntuazio altuenetan bigarrena.

Miren Amurizak ere aho zapore gozoarekin amaitu zuen, finalean egoteko aukerari eutsi dio eta. Bigarren izan zen, 678,5 punturekin. Jon Maiak (675), aldiz, atzo baino gehiago eman beharko du bigarren fasean, BECera heldu nahi badu. Oihana Iguaran (671) ondo, baina final laurdenetan baino koska bat beherago. Atzerago geratu ziren Iñaki Apalategi (648) eta Miren Artetxe (639). Nolanahi ere, puntuen aldeak gorabehera, Mendiluze ez beste bostak paretsu aritu zirela nabaritu zuten zaleek, denek bota zituzten ale politak eta azpimarratzeko bertsoak.

Zortziko nagusiko ariketatik igarri zitzaion Mendiluzeri bete-betean zetorrela. Apalategirekin egin zuen ofizio hori, seme youtuberra duten gurasoen paperetik. Zortziko txikian, Jon Maiak piztu zuen publikoa, erleak atsegin ez dituenaren ahotik, hala bota zion Apalategiri, marrazki bizidunetako pertsonaia gogoan: “Nik Maia abizena izango dut baina/ Ez dut eztia maite beste harek aina”.

Puntu erantzunetan, ederki berriro Mendiluze, bizkor eta erraz eran-tzunez. Azken ofizioetan, seiko mo-tzekoetan, Iguaran eta Mendiluzerena azpimarratu behar da. Iguaranek ikusmen urritasuna zuela eta, Mendiluzeri txirrindulari lasterketa batean binaka parte hartzea proposatu zion. “Tandemak behingoz zu eta biok, berdinduko gaitu”, hasi zen Mendiluze, eta Iguaranen azken puntua ere bikaina: “Zu izan zaitez nire begiak, ta ni zure hankak”.

Bakarkakoan disdira gutxiagoz aritu ziren, oro har, sei bertsolariak. “Amaitu da ospakizuna, dena jaso-tzen ari zara”, zen Amaia Ugalde gai jartzaileak emandako gaia. Maia eta Iguaran aritu ziren fin. Alabaren urtebetetzera berandu iritsi zen Maia eta hala bota zuen: “Mundu hau salbatzea da, jende askoren helburu/ Eta horren izenean, pertsonak ahazten ditugu”.

Mendiluzek, saioaren ondoren, bere burua “fresko” eta “eroso” sentitu zuela aitortu zuen. Bere ustez, seiko motza izan zuen unerik onena, bakarkakoan punturen batek ihes egin ziola onartu zuen bitartean, penaz, entzuleen artean zen semeari kantatu baitzion. Bigarren itzulian finalerako txartela irabazi ahal izateko “koltxoia” baduela esan zuen, “horrek patxada emango dit”.

Lehen itzuliko lau saioak amaituta, kontuak egiten hasteko ordua da. Batetik, ez dira bigarren fasera pasa puntuazioz apalen aritu diren seiak: Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Maddalen Arzallus, Aimar Karrika, Beñat Iguaran eta Nahikari Gabilondo. Bigarren itzulian ariko dira gainerakoak.

Lehenengo eta bigarren itzuliko puntuak batu eta zazpi onenak pasako dira finalera. Oraingoz, hauek dira sailkapeneko aurreneko zazpiak: Maialen Lujanbio (750 puntu), Aitor Mendiluze (740,5), Sustrai Colina (705,5), Aitor Sarriegi (705), Igor Elortza (703), Beñat Gaztelumendi (694,5) eta Agin Laburu (690). Bigarren itzuliko lehenengo saioa igandean, azaroak 19, izango da, Amurrion.

SAILKApena

Aitor Mendiluze 740,5

Miren Amuriza 678,5

Jon Maia 675

Oihana Iguaran 671

Iñaki Apalategi 648

Miren Artetxe 639

Txapelketa, BEC-eruntz

Abenduaren 17an Barakaldoko BEC erakustazokan ospatuko den finalerako bidea fase finalaurrekoen bigarren itzulian sartu zen atzo. Bigarren itzuliko hiru saioen ostean, puntuazioak batuko dira. Zazpi onenak sailkatuko dira finalerako. 2013ko txapelduna, Amets Arzallus, finalean sartuko da.


Bigarren itzulia

Amurrio. Azaroaren 19an. Parte hartzaileak, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina

Donibane Lohizune. Azaroaren 26ean. Parte hartzaileka: Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio.

Iruñea. Abenduaren 2an. Parte hartzaileak: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.


ordutegia

17.00


Hiru finalaurrekoak arratsaldeko 17.00etan hasiko dira, eta Barakaldoko egun osoko finala, aldiz, goizeko 11.00etan.

votos | ¡comenta!

Herramientas de Contenido


COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902