Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Paradisura hurbiltzeko oreka

|

Juan G. Andrésen erreportajea. Argazkia Ruben Plaza - 2017(e)ko maiatzaren 19a, ostirala - 06:14etan eguneratua

votos | ¡comenta!
  • Mail
Iñigo Urdinaga.

Iñigo Urdinaga.

Galería Noticia

Surf gidak, artikuluak eta itzulitako lanak egon badaude, baina “ziurrenik”, kirol honen inguruan euskaraz idatzi den lehen liburua da Surflaria eta paradisua. Hala uste du behintzat bere egileak, Iñigo Urdinagak (Orio, 1974). Komunikazio aholkularia da eta ezagun samarra da publizitatearen eremuan, baina txikitatik hasi zen olatuak hartzen eta gaur egun ere, surflari porrokatua da. Izan ere, maitasun horretatik jaio da atzo Donostian aurkeztu zuen lana.

Surflaria eta paradisua “saiakera ezohiko edo originala” dela dio Urdinagak, ez-fikzioaren alde egin duenak. Beretzat, “ez da autobiografia, ezta selfie liburua ere”: bere bizipenetan oinarritu da baina ez da berari buruzko liburua. Han-hemengo surf gertarkari ezagunak eta ezezagunak bildu eta gai askotaz jarduteko erabili ditu: gizakiaz, gizarteak daraman martxaz, hedonismoaz, diruzalekeriaz, oreka premiaz... Liburua, beraz, “ez da surflarientzat bakarrik”. 208 orrialdeetan zehar, lehorrekoen garapena eta surf munduarena nahasian kontatu ditu egileak ikuspegi kritiko batetik, “eztabaida piztu nahian, modu arduratsuan, tonu onean, ez polemiko errazean”.

Kontrazaleko testuak Bernardo Atxagaren aipua dakar: “Paradisurako jaioak gara, hala nola txoriak airerako”. Jarraian gogoratu duenez, Hawaiiko indigenek mendeak eman zituzten olatuak hartu eta gozatzen, baina hamarkada gutxi batzuetan zeharo eraldatu zuten gizon zuriek surfa. “Orain, taula hobeak ditugu, neoprenoak, auto eta errepideak, itsas-iragarpenak, hegazkinak... Ordainetan, porlanez bete ditugu hondartza eta itsasadarrak, surflari gehiegi dabil han-hemen, eta ez gara antzinako indigena hawaiiarrak baino zoriontsuago. Horra, liburu sailkaezin bezain gozaerraz honen hari nagusia: zer gaude, paradisutik gero eta urrunago ala gertuao? Behar-beharrezkoa dugu oreka, ez erortzeko eta gozatzen jarraitu ahal izateko, paradisura hurbiltzeko”, dio testuak.

Baina Surflaria eta paradisua ez da salaketa liburu hutsa inondik inora. Hor daude txikitan surfa deskubritzerakoan bizitakoak, herriko arrantzale zaharrekin izandako harremanak, gaztetan idatzitako itsasoari buruzko pasarteak, surflarien hondartzako elkarrizketak, surf iragarki gogoangarriak, bidaietako bizipenak... Azkenik, surfaz idatzi duten idazle handien aipuak ere tartekatu ditu Urdinagak: Herman Melville, Mark Twain, Jack London, Agatha Christie, Eduardo Galeano, Bruce Chatwin, William Finnegan eta baita zenbait euskal idazlerenak ere.

Hilaren 26an, Iñigo Urdinaga tertulian arituko da Aquariumean William Finneganekin. AEBetako surflari eta idazlea Donostiara etorriko da Zilarrezko Euskadi saria jasotzera, Barbarian Days: A Surfing Life liburuagatik emandakoa.

votos | ¡comenta!
  • Mail

Herramientas de Contenido


COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902