Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Joan Mari Torrealdai idazle, kazetari eta soziologoa

“Amore emanda daude instituzioak eta orain gu kulpabilizatzen gaituzte euskara gutxi erabiltzeagatik”

Idazle, euskaltzain, kazetari... Joan Mari Torrealdaik martxoan jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Dituen 73 urteetatik, 53 ‘Jakin’ aldizkarian eman ditu

Mikel Mujika Ainara Garcia - Domingo, 3 de Enero de 2016 - Actualizado a las 06:11h

votos | ¡comenta!
Juan Mari Torrealdai

Juan Mari Torrealdai (Ainara Garcia)

Galería Noticia

usurbil - Alderdi politikoekin etsita, euskaldunon etorkizuna gizarte zibilaren eskutik etorri beharko duela uste du Joan Mari Torrealdaik (Forua, 1942). Euskara eta euskal kultura ditu buruan eta minbiziak ez du bere ekinean gelditzen. Egunkaria kasuaren baitan atxilotu zutenean jasandako torturek gaixotasuna eragin ziotela azaldu du behin baino gehiagotan baina bere bizi indarra nabaria da. Berarekin, ordu eta erdiko solasaldia motz gelditzen da.

Jubilatzeko asmorik ez ala?

-Hemen ez duzu sekula pertsiana jeisten. Nire medikuari esan nion ahalegin guztia egiteko bizitza luza-tzeko, oraindik proiektu asko baititut. Oraintxe bertan autobiografia bat prestatzen ari naiz Manuel Lekuona sarirako. Baina asko kostatzen ari zait. Nire biografiatik jendeari interesa dakioken gauza bakarra da nire bibliografiarekin zerikusia daukana, nire obra idatziarekin; edo eragin dudana aldizkari baten (Jakin) zuzendaria izan naizelako; eta gero Egunkaria epaiketan egin didatena. Pribatua nirea da.

Bizkaitarra jaiotzez baina aspalditik Usurbilen. Gipuzkoar petoa honezkero?

-Foruan jaio eta hamabi urte egin nituen, gero Arantzazura joan nin-tzen eta Parisen ere bost urtez bizi izan nintzen; orain 24 urte darama-tzat Usurbilen baina nik ez dut sentimendu hori. Ni euskalduna naiz. Euskal Herriaren barruan ez dago mugarik, ez Bidasoakorik ez besterik. Nire osotasuna Euskal Herria da eta niri min handia ematen dit askotan probintziakeriak ikusten ditudanean; eta orain ere berriz atzera goaz hortan. Zeinen espainolak garen, ez gara konturatu ere egiten. Gure esfortzu guztia izan zen guztiontzat elkar ulertzeko tresna bat behar dugula. Muga besterik ez zegoen herri batean batasuna lortzen saiatu ginen, batasun kulturala, eta hor jarraitzen dugu.

Espero al zenuen Manuel Lekuona saria irabaztea?

-Horrelako zerbait etor daitekeela badakizu baina esan zidatenean izendatua nengoela eta zerrenda begiratu nuenean, esan nuen, oraingoan ez.

Zergatik?

-Ba gazteena nintzelako eta gazteago batek aukera gehiago du gero ere izendatua izateko. Oraingoan ez nuen espero.

Euskal kulturaren osasunaz eta Donostia 2016ko kultur hiriburu-tzaz zer iritzi duzu?

-Gaurko errealitatea epaitzera ez dut sartu nahi errespetu handia diedalako hortan dabiltzanei eta ez nagoelako horren barruan, baina aldi berean ez diet galderei ihes egin nahi. Uste dut orain dela urte asko, data bat jartzeagatik Guggenheim jarriko nuke…, harrez gero uste dut asko espektakuloan ari garela. Zarata handia. Erraldoia.

Espero nuen horrelako zerbait erantzutea. Kultura merkantilista?

-Turistikoa. Munduan kokatzeko modu bat egin nahi dugu baina kanpoko parametroetan egin nahi dugu kultura. Turistiko, ekonomiko… Paris txiki bat egin nahi dugu. Guggenheimen kontra ez dut ezer baina bai euskal kulturarentzako destinatuta zeuden diruak erabili zirelako horretarako eta horren kontra bai, banago. Nik uste dut Euskal Herrian daukagun dibisioa kontuan edukita, euskerak garrantzia handiagoa beharko lukeela izan; aldiz, estatus eskasa du. Dinamikak kanpora begirakoak dira eta estatu zibilaren ekimenak eta herri ekimenak indartu eta antolatu behar ditugu hori zuzentzeko.

Azkenerako utzi nahi nuen baina euskararen paper hori aipatu duzunez, Euskal Herrian dugun konfrontazio politikoa ikusita, euskara al da elkar ulertzeko helbide bakarra?

-Nik daukadan sentsazioa da politikak jan egiten duela gizartea, kirola futbolak jaten duen bezala. Ez dago oreka hortan. Nik uste dut soluzioak gizarte zibiletik etorri behar dutela politika ere bere onera ekartzeko. Gure kasuan kultura eta euskararen inguruan gizarte antolatu bat eduki; politikoei ere bide batzuk adierazteko eta politikoek aintzat har gai-tzaten behintzat, Katalunian gertatu den bezala. Orain gonbidatu hutsak gara. Txikiak ahultasun propio eta bereziak ditu eta horiek zain-tzen ez baditugu txikia errez desagertu daiteke.

Alderdietan ez duzu sinisten?

-Definioz alderdiak ez dira osotasuna eta euren konfrontazio dinamikan elkar elikatuz dabiltza. Euskaldunon etorkizuna aurrera atera nahi baldin badugu gizarte zibilean daukagu soluzioa. Urteetan zehar, Frankismo garaian, erresistentzia landu izan dugu baina ondorengo pausua, sortzearena, ez dugu hain ondo lortu. Instituzionaltze fase hori ere ez genuen ondo planteatu Transizioan; elkarri bizkarra emanda planteatu genuen eta horrela bizi izan gara urteetan eta urteetan; elkarri bizkarra emanda eta elkar indartu gabe.

Elkar ulertzea urruti ikusten al duzu?

-Abertzaleon arteko batasuna urruti ikusten dut, zoritxarrez. Gutxi gara, indar gutxi daukagu eta zorioneko hegemoniaren balio horren arabera gabiltza.

Pertsona baikorra ala ezkorra zara?

-Pesimista aktiboa naiz. Nik ez dut uste mundu hoberenean bizi garenik baina uste dut mundua hobetu egin behar dela eta hobetu egin daitekeela eta hortan etenik ez dago; beraz, segi eta segi eta segi…

Hori baikorra izatea da.

-Bai. Nire formula izan da beti: ezina, ekinez egina. Ni ez naiz pausu luzeetakoa, hau da, urrutira begira-tzen badut, urrutira geografian edo denboran, ez naiz oso baikorra baina eguneroko bizitzan optimista naiz. Gaixotasunarekin (bizkar hezurmuin minbizia) adibidez, nik uste dut zuk positibatzen baduzu…; iritsi daitekeen punturaino iristeko modurik onena hori dek; ze optmismoa metodologia ere bada, ez bakarrik jarrera bat.

Pasa den apirilean esan zenuen zure minbizia ‘Egunkaria kasua’n atxilotu zintuzteneko torturen ondorio dela...

-Nik denuntzia bat egiten dut baina ez dut egiten gorrototik. Ez dut ezagutzen gorrotoa baina bestalde justizia zentzu handia daukat eta uste dut gauzak bere puntuan utzi beharko direla. Guri barkamena ez digu inork eskatu, nahiz eta gure sententziak esaten duen aurreiri-tziz beteriko salaketa izan zela. Aznarrek bonba Iraken bota zuen eta Egunkarian ere bai. Pertsona batek barkamena eskatzen dizunean edo aitortzen duenean bere erru bat hori ere sendabidea bada. Nire psikiatrak esan zidan ondorio fisikoak eragingo zizkidala eta horrela izan da. Sekulako egurra eman zidaten. Ez duzu zure burua errekonozitu ere egiten. Desprezio absolutoa, jo egiten zintuzten... Sentsazio ikaragarria. 2003an galdu nuen inozentzia.

Bonba horrek, ordea, ez zintuen zu helburu… zer bilatzen zuen?

-Dimentsio asko ditu. Euskal kulturako editorialgintza; hor nahi zuten jo. Salaketa izan zen ETAren oinarri ekonomikoetan parte hartzen zuela euskal kulturak, alde batetik dirua zurituz eta bestetik dirua lortuz. Gezurra badirudi ere niri egiten zidaten salakuntzetako bat, Eusko Jaurlaritzak guri diru-laguntzak ematen zizkigula guk ETAri pasatzeko. Horrelako mentalidadearekin zebiltzen.

Baina azkenean sententziak arrazoia eman zizuen.

-Aurretik fiskalak salaketa kentzea satisfakzio handia izan zen baina gehienbat jendeak ulertu du bidegabekeria izugarria izan dela eta oinarririk ez zuela batere. Herri mailan ulertu da eta maila instituzional eta politikoan ere bai. Satisfakzio haundiak izan ditugu, alde guztietatik. Nik esaten dut: asko sufritu dut baina satisfakzio haundiak ere bai.

Goazen euskarara. Diglosiaz hi-tzegin duzu askotan…. Zein da gure hizkuntzaren osasuna?

-Urte batzuk badauzkagunok ezagutu dugu, Frankismo garaitik, debekatua egotetik prestigiotik ezara; hori izugarria zan. Neska bat ez zenuen entzuten euskeraz hitzegiten kalean. Kalea erdera zen, baserria zen euskara; dikotomia hori bizi izan dugu urteetan; hortik kalekumeak eta euskera kaleratu eta esaten zena; ze kaleak ordezkatzen zuen zibilizazioa, modernitatea... Garai hartan tresna kultural bakarra gaztelania zen eta gure belaunaldiko borroka guztia euskera moderniza-tzea eta prestigioa ematea zen. Sortu ziren ikastolak, unibertsitateak eta euskarak estatus kultural bat hartu zuen. Aurrerapen handiak egon dira. Gizarte zibiletik ikastolak etorri dira eta sare bat sortu da euskararen modernizazioa manten-tzeko modukoa, baina zer geratzen da? Hori elikatu egin behar dela!

Eta ez al dugu egiten?

-Bitartean telebista ireki da, Internet etorri da eta pentsatzen degu globalizazioa dela modernitatea eta globalizazioan ez bagaude berriz ere lehengo baserritarrak garela eta sartzen gara horrelako apustu batean hor ere puntan egoteko. Eta eratutako andamiaje osoa ez dugu elikatzen. Ematen du instituzioek andamiaje horrekin egin beharreko guztia egin dutela; ez da egia. Amore emanda daude instituzioak. Orain maila pertsonalean kulpabiliza-tzen gaitu gu euskera gehiago ez erabiltzeagatik; hori da jarrera. Gure gizartean ez dago indarrik horri buelta emateko. Txikia polita da baina ahula eta bizi iraupenean gaude oraindik. Pausu asko eman ditugu, izugarriak, baina gizartea aldatu egin zaigu eta beti kanpoko erreferentziekin bizi gara.

Zertan egin dugu huts?

-Nere kezka handi bat da trasmisioarena. Egin da lan bat baina lurperatuta gelditzen da; beste batzuk datoz, egiten dute beste lan bat aurrekoa kontuan hartu gabe eta hori ere lurperatuko da. Baina non dago soka, belaunaldiak lotuko dituen soka?

Euskaldun guztiok batzen gaituen euskararen sokarekin jolasa eginez, omenaldia egin zizuten aurtengo Kilometroak jaialdian. Hunkituta zeunden.

-Kimioterapia jaso eta gero jendartean nengoen lehenengo aldia zen. Beti dago hor puntu lakrimogenoa, elementu emotiboak ere sartu zituztelako. Eta asko baloratzen dut erabaki hori hartu izana nire gaixotasunaren berri jakin aurretik.

Bai, ulertzen dizut.

-Hau da, ez dela errukiaren kapituloan sartzen eta hori asko balora-tzen dut eta hala gertatu zen. Eta gero hezkuntz komunitate batek hartu izatea erabakia. Ikustea, nolabait ordezkatzen dudala beraien balio sistema. Eta herrian gainera.

Eusko Ikaskuntzaren Lekuona saria gauza handia da baina herritarren omenaldiak bereziak dira ezta?

-Beste konnotazio batzuk ditu. Familiaren momentua izan zen baita eta taula gainera eraman zuten. Eta hori neretzako satisfakzio handia da ze beti familiaz ahaztu egiten gara baina nik lanak egin ahal izan ditut familia hor egon delako eta giro onean gainera.

‘Jakin’ aldizkaria ere zure familia ala?

-Hori ere familia da. Jakinek 60 urte egingo ditu eta 53 daramatzat bertan; eta zuzendari bezala, 42. Beraz, nere bizitza hori da eta izan da eta hortik Egunkaria lagundu izan dut. Ze ni Egunkarian langilea (Administrazio kontseiluko lehendakari izan zen) ez naiz izan; Jakin aldizkaritik kobratu dut beti. Beste inondik ez dut ezer kobratu eta alde horretatik badu nire bizitzan pisu handia.

votos | ¡comenta!

Herramientas de Contenido


COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.

Información relacionada

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902