Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
ander lipus antzerkilaria-komediantea

"Errazkeria da nagusi gizarte honetan, eta antzerkia horren kontrako medizina da"

Manex Fuschek zuzendutako 'Publikoari gorroto' antzezlanak eskuratu du aurten Donostia Antzerki Saria. Lana Xabier Mendigurenen gidoi batean oinarrituta dago, eta Ander Lipusek sortutako Huts Teatroak ekoiztu du. Lipusek eta Fuschek hirugarrenez jasotzen dute golardoa

Iñaki Mendizabal Elordi - Domingo, 10 de Marzo de 2013 - Actualizado a las 05:23h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti
Markinank 20 urtetik gora daramatza antzerki munduan murgilduta, eta txiki-txikitatik agertu zuen aktore izateko nahia.

Markinank 20 urtetik gora daramatza antzerki munduan murgilduta, eta txiki-txikitatik agertu zuen aktore izateko nahia. (Juan Lazkano)

Galería Noticia

BERRIZ. Publikoari gorroto-k errituala dirudi antzezlana bainoago. Eta Lipusek, aktorea bainoago, xaman bat. Zeremonia bitxi horren atzean (uneka anker bihurtzen dena) ia 20 lagunen lana dago, baina Lipusek darama antzerki piezaren pisu nagusia. Grotowskiren, Stanislavskiren, Artauden edo Kabuki antzerki japoniarraren eragina suma daiteke bere jarreran, antzezteko eta adierazteko duen modu basatian. Publikoa hipnotizatzen du bere berba-jario eta imintzioekin, dimentsio estrainio batera eramaten duela, nahita. "Hori dena guztia urteetako formakuntza eta ikerketa prozesu baten ondorioa izan daitekeela uste dut. Metodo handia dago egiten dudan guztiaren atzean, hau da, itxuran antzezpen irrazionala dirudien horretan arrazoiketa asko dago", dio komedianteak.

Erlijioarekin lotu izan duzu inoiz zure antzezteko era. Zergatik?

Nire interpretatzeko modua oso hurbil dago teatro erritualetik, bai, baina gozagarri gehiago dituela esango nuke, esaterako, osagarri psikologikoak eta hausnarketarako bide sutilak. Erlijio hitza religare berbatik dator, eta ni hori bera egiten saia-tzen naiz, hots, gorputza eta burua biak uztartzen nire jardun artistikoan. Eta horregatik aukeratu nuen Publikoari gorroto, hain zuzen, guzti horretan sakontzeko aukera ematen zidalako, teatroaren magia azaltzeko egokia ikusten nuelako, dimentsio handia hartzen duelako... Beraz, nik aktore ariketa bat legez hartu dut azken lan hau: ikasitako metodoak, euskalki desberdinak eta aspaldian sortu ditudan pertsonaiak erabili ditut.

Euskararen apustua egin zenuen aspaldi eta horretan jarraitzeko asmoa duzu.

Bai. Nire imajinarioa euskararen inguruan bueltaka dabil beti, Iparraldean zein Hegoaldean, eta argi daukat antzerkia euskaraz egingo dudala. Nire herriarentzat.

Publikoa ondo kontuan duzu, beraz.

Bai, orain bai, garai batean baino gehiago. Garai batean antzerki sinbolikoagoa, poetikoa-edo egiten nuen, eta orain errealitateari lotuagoa. Eta, horrez gain, ardura serio bat daukadala sentitzen dut, publikoarekiko erantzukizun bat. Agian, edadearen kontuak izango dira.

Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapuk laguntzen dizute eszenatokian...

Lan izugarria egiten dute biek, bai. Ondo moldatu dira.

...eta Manex Fuschek zuzendu du obra. Nolakoa izan da elkarlana?

Harreman ona daukagu, eta berak leku interesgarri batera eraman du lana: herrikoiago egin du. Nik askozaz krudelagoa egingo nuen, askozaz punkiagoa! (barreak).

Iparraldeko antzerkiarekin maiteminduta zabiltza aspaldian.

Bai. Erakargarria egiten zait an-tzezteko duten manera lotsagabe hori. Hegoaldean formalagoak garela iruditzen zait, hermetikoagoak.

Euskaraz ekoizten den antzerkia merkatuari begira ikusten duzu?

Batzuetan bai, eta faltan botatzen ditut proiektu pertsonalagoak, autonomoagoak, eta faltan botatzen ditut baita 20-25 urteko gazte ekintzaileak.

Bizirik dirau, hala ere.

Duda barik. Nik, behintzat, gero eta zaletu gehiago sumatzen ditut. Euskal kultura badago, euskal zaletuak badira. Gehiago egin dezakegula? Seguru baietz.

Badira herriak beraien kabuz babesten dutenak antzerki talde bat. Zornotza, kasurako.

Bai, edo Leioak Artedramarekin egin duen moduan, edo Aulestin egiten dena antzerki jardunaldiekin... Antzerkiak azpiegiturak behar ditu, eta herrien arteko dinamikak bultzatzea garrantzitsua da, politikariak eta programatzaileak kontzientziatuz. Antzoki bat duten herriek asko egin dezakete an-tzerkiaren alde, eta alderantziz. Nik uste pentsamoldeak aldatu eta zerbait eraikitzaileagoa egiten saiatu behar garela.

Eta nola defendatuko zenuke an-tzerkiaren beharra antzerki-eszeptikoen aurrean?

Esanez antzerkiak gutaz egiten duela berba -gizarte baten ispilu den heinean-, hausnartzeko tresna dela, norbere ikuspuntuak aberasteko baliagarria izan daitekeela, antzerkiak komunidadea edo imajinario bat sortzen ere laguntzen duela,... Gutxi da ala?

Ez duzu antzerki 'dekoratiboan' sinesten?

Bai, zergatik ez. Denetarik egon behar du, publikoa ere zabala den moduan. Adibidez, nik Erregea eta bufoia-rekin egin dudana ondo pasatzeko izan da eta kitto.

Badirudi antzokira barre egitera joateko joera dela zabalduena.

Nik ez dut hori oso ondo ulertzen, baina litekeena da, bai. Hain nekagarria da pentsatzea, gure kon-tzientzia edo mundua aberastea? Egia da errazkeria dela nagusi gure gizartean, eta zentzu horretan an-tzerkia babeslekua da, horren kontrako medizina bat. Hor duzu an-tzerkira joateko beste arrazoi bat: osasuntsua dela! Hiru dimentsioak modan dauden garai honetan, hor duzu antzerkia, hiru dimentsiotako aspaldiko asmakizuna.

Eta konpetentzia latza duzue orain. Informatiboak ikusi eta badirudi errealitatea antzoki bihurtu dela, goitik behera.

Bai, politika ere ikuskizun bihurtu da, eta zer egiten du bufoi batek horren aurrean? Ba begira zer egin duen Italian Beppe Grillok: hori dena baliatuz bere iraultza txikia sustatu du!

Bidera daiteke iraultzaren bat an-tzerkitik bertatik?

Berba potoloak dira horiek. Nik uste errazagoa dela bakoitzak bere inguruan iraultza txikiak piztea; iraultza niminoetan sinesten dut.

Lipus hori nondik dator?

Madrilen egin nuen lagun baten abizena da.

Eta ezizen batekin funtzionatzeko joera hori?

Nire profil profesionala da, jolas txiki bat. Esaterako, Iñigo Ibarrak ezingo luke jasan Ander Lipusek ba-tzuetan jasan behar izaten duen zaparrada mediatikoa. Eta askotan Lipusek ematen dio beste indar bat Iñigori, beste adore bat.

Eta zer ematen dio antzerkiak Ibarrari?

Batetik, beti pentsatu izan dut honetarako dohain txiki bat daukadala; bestetik komunikatzeko beharra dago; eta, azkenik, kilikagarria eta sendagarria da niretzat antzeztea. Askotan, antzeztu baino lehen minduta egoten naiz eta gorputzean halakoak eta bestelakoak sentitzen ditut. Antzezten dudanean hori dena desagertzen da, hustu egiten naiz eszenatokian.

Inoiz suertatu zaizu antzeztera joan eta antzokia hutsik ikustea?

Bai, eta panikoa diot horri.

Biziko zinateke antzeztu gabe?

Momentu honetan bai. Batzuetan jasanezina da ofizioak eragiten dizun presioa.

Hala ere, martxan duzu hurrengo lana.

Bai (irribarrea). Mendigurenek ida-tzi du berriz gidoia, eta elkarlanean ari gara Artedrama, Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia.

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902