Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
andres urrutia euskaltzainburua

"Kontuz, Euskaltzaindia ahultzen bada euskara bera ahultzen da"

2005etik Jean Haritschelarren lanari jarraipena eman dio Andres Urrutiak (Bilbo, 1954). Euskaltzainburuak ez du indarrik galdu eta gogotsu ager-tzen da erronka berrien aurrean. Modernizazioaren bidean jarri du Akademia Urrutiak. Hori, behintzat, ez dio inork ukatuko

Iñaki Mendizabal Elordi - Domingo, 21 de Octubre de 2012 - Actualizado a las 05:26h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti
Andrés Urrutia, presidente de la Academia Vasca de la Lengua, Euskaltzaindia.

Andrés Urrutia. (Pablo Viñas)

Galería Noticia

donostia. Zuhurra, zorrotza, atsegina, berbakoa... Ondo ezagutzen dutenek horrela deskribatzen dute Urrutia, baina laudorioak bazterrean utzi eta euskaltzainburuak gurago du beharraz aritu ("argazki gutxiago eta lan gehiago"). Bere burua promozionatzeko ez afanik ez beharrik ez duen notario eta maisuak ("ez naiz batere presidentzialista") hauspo berria eman dio Akademiari azken urteotan, XXI. mendeak eskatzen duen erritmoari erantzunez. Orain, Euskaltzaindiak beste lau urterako agintaldia eman dio; 2005ean hasitako bidea berresteko eta zabaltzeko erabiliko du.

Zazpi urte daramatzazu euskal-tzainburu lanetan. Zein da zure balantzea?

Balantzean aktiboak eta pasiboak daude. Uste dut kudeaketa lana ona izan dela. Jakina, bide hori hobetu beharra dago. Ari gara zeregin horretan eta beste batzuetan ere bai. Esaterako, Akademiaren zereginak ezagutarazten eta gizarteak berak ulertzen eta estimatzen dituen gauzak egiten, hau da, hiztegiak, atlasak, jardunaldiak... Beste alde batetik, instituzioekin harremanak findu eta areagotu ditugu. Erakunde publikoek jakin behar dute Euskaltzaindia euskararen zaindari nagusia dela. Beraz, kontuz: Euskaltzaindia ahultzen bada, euskara ahultzen da.

Aldi bat itxi zen 2005ean. Aro berri baten aurrean gaude orain?

Haritschelarrek egindako lana sendotzera heldu nintzen Euskaltzaindiara, sekulako lana egin zuelako berak, garaian garaikoa. Eta gu ere horretan gabiltza, garaian garaiko lana egiten. XXI. mendera egokitu behar dugu Akademia, eta horretan funtsezkoa izango da abian jarri dugun Plan Estrategikoa. Komunikazioa erraztu behar dugu, bai, baina alde bietatik. Hau da: gugandik gizartera eta gizartetik guregana. Horretan webgunea dugu tresnarik eraginkorrena. Gaur etorkizuneko Euskaltzaindia dugu buruan.

Plan Estrategikoa aipatu duzu. Zertan lagunduko dizue horrek?

Urte gogorrak datoz. Krisialdia bazter guztietara hedatu da eta gure lana eta ardura da Euskaltzaindia gero eta hobeto kudeatzea, euro bakoitza zertan inbertitzen dugun ondo neurtzea. Horretan lagunduko digu 2011n abiatu genuen Plan Estrategikoak, hau da, Akademia dinamizatzen, gestioa doitzen, zerbitzuak arintzen. Zorrotz ibili behar dugu eta ahaleginduko gara orain arteko bideari eusten.

Haritschalarren agintaldian hasitako proiektu batzuk ere gauzatu dira.

Bai. Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa gauzatu dira eta orain aberastu egin behar ditugu eta jendeari eskaini, egungo teknologiak baliatuz. Horiek ez baditugu erabiltzen jai daukagu. Hiztegigintzan ere pauso galanta eman dugu Euskaltzaindiaren Hiztegiarekin. Ez da azken pausoa, jakina, baina garrantzitsua izan da. Zentzu horretan Lexikoaren Behatokia ere aberasten ari gara. Eta Iker sailean egiten diren publikazioak beste akademia batzuetan egiten direnekin konpara daitezke.

Euskararen normalizazioan ere badu zeresanik Euskaltzaindiak.

Izango ez du, bada! Normalkuntzan berebiziko ardura eta erantzukizuna du Akademiak. EAEn, Nafarroan zein Iparraldean. Eta hor erakutsi behar dugu badagoela erakunde bat euskararen bandera baino ez daukana eta ideologia guztien gainetik defendatzen duela bandera hori. Ba-tzuek ez dute hori ondo ulertzen, baina saiatuko gara konbentzitzen.

Euskaltzaindiaren aspaldiko irudi sepia 'astindu' duzue?

Nik uste dut neurri batean lortu dugula. Eta zuzendaritza berriarekin helburu hori gero eta hurbilago daukagu. Jende gaztea eta prestua sartu da eta horrek ekarriko ditu ondorioak. Gizartearen erritmora egokitu behar dugu, baina ez da erraza aspaldiko inertziak baztertzea. Edonola ere, horretan ari gara buru-belarri. Ea kolore tanta batzuk jartzen ditugun gurean, sepia hori ordezkatuz (barreak).

Aktiboak eta pasiboak aipatu dituzu. Gaur egun Euskaltzaindiak ez du zorrik. Hori bada aktibo aparta.

Kostata lortu dugu eta lortu dugunean hara zer datorren, krisialdia. Azken urteotan kudeaketa sistema aldatu dugu, Akademia profesionalizatuz. Baikorra naiz eta nik uste dut gestio berri honek, optimizazio honek, krisialdia gainditzen lagunduko digula. Hori bai, minimo ba-tzuk behar ditugu.

Horrekin arduratuta zaudete?

Zelan ez. Murrizketa gogorrak izan ditugu, batez ere Madriletik datorren diru-kopuruan. Hor %50 jaitsi digute. Kezkatuta gaude, baina horrek ez die batzordeei eragingo. Langileak mantendu nahi ditugu, proiektu nagusiek aurrera egingo dute, baina funtzionamendua doitu behar dugu eta proiektuak garai berrietara egokitu.

Murrizketak agindu ostean, zer nolako harremana duzue Administrazio publikoekin?

Badakigu administrazio desberdinak egoera zailean daudela, baina gu saiatuko gara behar duguna eskatzen eta eskuratzen. Jaurlari-tzatik etorri zaigun ezustea ez dugu ulertzen, eta errespetu osoz esan diegu hori. Jarraituko dugu lanean, ea konbentzitzen ditugun.

Errekurtso bat jarri diozue Jaurlaritzari murrizketak direla eta.

Desadostasunak ditugu, baina errespetuarekin jokatu dugu. Aldebakarreko erabaki horren kontra erre-kurtsoa jartzeko eskubidea daukagu eta hori baino ez dugu egin mo-mentuz. Hala ere, etengabe negoziatuko dugu, hori baita gure zereginetako bat. Aldiz, aldundiek ondo baino hobeto ulertu dute Euskaltzaindia funtsezkoa dela eta beraien laguntzak garrantzitsuak dira oso.

Mezenasgoaren legeak mesede galanta egingo lioke Akademiari...

Duda barik, baina hori motel doanez, bestelako bideak esploratu beharko ditugu. Hori bai, estuasunak pasatuko ditugu ondorengo urteetan. Gizarteak jakin behar du euskara lerro gorritan dagoela eta erakunde publikoek ere jakin behar dute hori. Euskarak lehentasunetako bat izan behar du gure gizartearentzat eta politikoek erantzunen bat eman beharko diote egoera honi.

Lorpenetara bueltatuz, Tolare baserrian zabaldu duzuen egoitza berria ere ez da nolanahikoa.

Hori aktiboan sartuko dugu, bai. Guretzat garrantzitsua izan da Gipuzkoako ikerketa taldeak zentru horretan biltzea, beraiei azpiegitura duin bat eskainiz. Araba eta Iruñea indartzeko asmoa ere badugu, baina momentu honetan Iparraldeak arduratzen gaitu. Hango egoera larria da, euskara ahul ikusten dugu; baina ikusten dugu baita ere badirela ekimenak, badela gogoa, eta Euskaltzaindiak badu zeresanik eta zereginik hor. Oso zaila da, baina gure presentzia areagotu behar dugu, batez ere Iparraldean eta Nafarroan. Zentzu horretan, gure-tzako mugak ez dira existitzen.

Beraz, normatibizazioa eta normalkuntza, biak helburu.

Bai, hori da. Euskalgintzako jendearekin batera egin behar dugun lana da normalkuntzarena, eta horretan ahalegindu behar dugu.

Nolakoa da beste Akademia ba-tzuekin duzuen erlazioa?

Harreman onak ditugu, ez bakarrik Espainiako, Galiziako edo Kataluniako akademiekin. Nazioartean gero eta gauza gehiago egiten ditugu eta horra jo beharra dago ondorengo urteetan, gurea bezalako errealitate linguistikoak dituztenen arrimura. Kontrastea oso garran-tzitsua da: esaterako, iaz okzitanoekin izan ginen, oraintsu Holandan izan naiz, frisioekin... Badaukagu zer erakutsi eta zer ikasi.

Bost emakume euskaltzain ditugu. Akademian ere emakumea bere lekua hartzen ari den seinale?

Jakina. Meritu handiko euskaltzainak direlako sartu dira eta aurrerantzean ere izango da halakorik. Guk ez dugu kuotarik aplikatu. Formazio handiko emakumeak ari dira euskalgintzan eta Euskaltzaindia horren ispilu ere bada. Normaltasun osoz ikusi behar dugu hori.

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Últimas Noticias Multimedia

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902