Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Iritzia

Koldo Mitxelena gogoan

xabier kintana, * Euskaltzaindiako idazkaria - Lunes, 15 de Octubre de 2012 - Actualizado a las 05:26h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Galería Noticia

jada mende laurdena igaro da Errenteriako maisuak utzi gintuenetik, eta halere, euskal kulturaren arlo askotan, hizkuntza eta literaturan batez ere, haren presentziak gure artean bizirik dirau oraindik. Gure belaunaldiko nork ez du inoiz errepikatu, "Mitxelenak zioenez, Koldok inoiz idatzi zuen bezala, Mitxelenaren ustez..." gisako esaerarik, Errenteriako maisuaren babesa erantsiz, geure iritzia indartzeko? Bizi zelarik lehen aldiz berak esan eta proposaturiko ideia berri asko, egun, zorionez, gaurko euskaldun eskolatu eta ikasi guztiek onartuak dituzte, haren garaian, zenbaitzuen aldetik gogorki eztabaidatuak izan arren.

Mitxelena, nolabait esan, Euskal Herrira hizkuntzaren normaltasuna ekartzen saiatu zen, hau da, euskara munduko gainerako kultura hizkuntzen mailan kokatzen, euskaldunok gainerako jendeen artean homologa gintezen. Frantzia eta Espainiako estatuek mendeetan euskal kultura irakastegietatik hain luzaro bazterturik izateak, maiz zientziatik kanpoko bideetara eramaten zituen euskarari buruzko azterketak: sarritan borondaterik oneneko baina ez behar adinako jakituriako euskaltzale eta amateurren eskuetara. Zientzia eta fikzioa, egintzetan oinarrituriko aurkikuntzak eta irudimen beroeneko usteak, egiatan gertatuak eta gurari hutsak elkarrekin plazaratzen ziren, eta maiz, gainera, erdal eskolapeko irakurleek irizpiderik ez, garaua lastotik bereizteko.

Bart-ze-lo-onaren irri-etimologia, itxuraz erbi-tik, baina benetan erdi-tik datorren erbinude-ren herri-etimologia, Akitanierazko behialako seni-tik helduriko Bizkaiko sein umea eta Zuberoko sehi morroi, otsein' hitzen bilakaera, edota latinezko castellum forman etorkia duen gaztelu hitzaren etimologia zehazki frogatua, guztiak saski-nahaskian eskaintzen ziren, kontaezineko beste fantasia harrigarriagoekin batera. Horretan ordena, kausa-ondorioaren logika, eraldatzeko lege fonetikoen balioa eta mundu zabalean hizkuntzalaritzan onarturiko metodologia zientifiko homologatua ezagutarazi zigun Mitxelenak.

Euskara normaltzeko bide horretan, jakina, nahitaez, aurreko zenbait mito polit bazterrean utzi behar izan zituen, horien artean aita Barandiaranek, asmorik hoberenaz proposaturiko batzuk barne: aizkora, aitzur, aizto eta aiztur Harri Arotik eta haitz errotik, zetozelako ustea, adibidez. Horrek, abertzale batzuen iritziz, prestigiozko zahartasuna eta beneragarri-kutsua ken-tzen zizkion gure euskarari. Baina, ez ziren konturatzen, horrela aldi berean, gaurkotasuna eta homologatua izatea ere eskaintzen zizkiola, gure mintzaira ere, ingurukoak bezala, kultura hizkuntza izateko gai izan zedin. Horixe zen, hain zuzen, Unamuno bezalako erdaltzaleek ukatzen zioten ahalmena, eta horrexek ateratzen zuen euskara museoko erlikia izatetik, egungo eta etorkizuneko kultura-hizkuntza bizia izateko.

Bizi zelarik lehen aldiz berak proposaturiko ideia berri asko gaurko euskaldun eskolatuek onartuak dituzte

Euskara normaltzeko bidean, nahitaez, aurreko zenbait mito polit bazterrean utzi behar izan zituen

Gutxi izango dira mundu zabale

Baina Mitxelena ez zen soilki, ideien arlo abstraktuan ibili, eguneroko errealitatean baizik. Euskara, ikertzeko gaia izateaz gainera, eguneroko tresna erabilgarria bilakatu beharra zegoen, eta horrek, nahitaez, euskalkien gainetik, hizkuntzaren batasuna plantearazten zuen. Bide horretan, jada Txillardegi eta Aresti bezalako idazleek praktikan aurrera zeramaten bideari onespena eman zion, eta euskara batuaren garapen osorako lerro nagusiak marratu zituen, Euskaltzaindian, Luis Villasante euskaltzainburuaren eskutik berretsi eta bultzatuak.

Eta hori guzti hori urte oso gutxitan, hasieran ofizialtasunik ere ez zuen hizkuntza baztertu batean. Egia esan, gutxi izango dira mundu zabalean, beren literatur eredu batua hain urte gutxitan prestatu, burutu eta hedarazi dutenak, 1968tik 1990ra, gutxi gora behera. Eta Mitxelenak berak inoiz kexaz esan zuenez, agintea zeukan klase politikoaren arduragabekeria eta maiz oposiziopean ere. Maisuaren prestigioa eta orduko gazteriaren atxikimendu zintzoa noraezekoak izan ziren, orduko lehendakariaren apustu ia pertsonal eta bakarrarekin, euskal hizkuntza batua hain urte gutxitan akademian eratu, administrazio eta hezkuntzan hedatu eta jendartean mamitzeko.

Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle jardun zuen bitartean Koldo Mitxelenak oinarri sendoak ezarri zituen Euskal gaiak gainerako filologietakoen zientzia-maila eta egokitasun berberaz erabiliak izan zitezen. Euskal Filologia zientifikoaren aita, halaber, orain arte, bere garatzailerik handiena ere izan dugu, eta, ondoan utzi duen segizio bikainak euskal ikasketen etorkizuna itxaropenezko begiekin ikusteko poza ematen digu.

Hogeita bost urte, jada, joan zela. Edonola ere, ezinbestean, aldizka Axularren hitzen aierua dabil oraindik gure inguruan, ahitu ezineko oihartzunaz:

Zeren iruditzen zait oraino bizi zarela, begien aitzinean zaitudala...

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902