Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Buruntzaldea

Martin Lizeagak eta Juan Iguaranek jasoko dute gaur Urnietar Prestu saria

Duela 50

urte egin zuten desafio entzutetsua gogoan izan dute saria emateko

Tolosako zezen plazako apustua "kirolzaletasun eta zintzotasun giroan" egin izana baloratu dute

Marta San Sebastián - Domingo, 30 de Septiembre de 2012 - Actualizado a las 05:26h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti
Martin Lizeaga Balda eta Juan Iguaran Elustondo urnietarrak Tolosako zezen plazan.

Martin Lizeaga Balda eta Juan Iguaran Elustondo urnietarrak Tolosako zezen plazan. (ng)

Galería Noticia

Urnieta. Aurtengo Urnietar Prestu saria Martin Lizeaga Balda eta Juan Iguaran Elustondo urnietarrentzat izango da, 1962. urtean antolatu eta burutu zuten desafio gogoangarriaren 50. urteurrena bete den urte honetan. Gaur jasoko dute saria, sanmieletan ospatu ohi den Iñistor jaian. Urtero bezala, bazkaria izango da Jakutegi plazan eta, bazkalostean, bertsolari gazteen saioa entzun ondoren sarituei, diplomarekin batera, Urnietako herriaren armarria eta Urnietar Prestu 2012 idazkuna brodaturik daraman bizkarzapia jantziko zaie.

1962. urtean 21 urte zituen Martin Lizeagak eta Juan Iguaranek, berriz, 18 bete zituen desafioa egin zuten egunean bertan. Gaur, 50 urte beranduago, sasoiko daude, 71 eta 68 urtekin. Ilusioz jasoko dute saria, Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak emana.

1962. urteko otsailaren 25ean, Tolosako zezen plazan bi urnietar hauen arteko desafioa sonatua izan zen: bietako nork egin altxaldi gehiago hamar arroako harri zilindrikoa sorbalda gainera jasota (125 kilo). Eta plazan 2.000 lagun inguru elkartu ziren desafioa ikusteko, gehien-gehienak urnietarrak, %80 inguru. Beraz, kontuan izanik Urnietako herriak orduan zuen biztanle kopurua, egun hartan herria erdi hutsik utzi zutela esan daiteke.

Ikusmin ikaragarria Ez zen nolanahiko desafioa izan: Juan Iguaran, Lategi bailarako Egurrola edo Eula baserriko semea eta Martin Lizeaga, berriz, Oztaran bailarako Mokoroa baserrikoa lagunak ziren, eta hala jarraitu dute geroztik. Beraiek zuzenean parte hartu gabe bere lagunarteek hitzartutako desafioa izan zen herri osoa aidean jarri zuena Tolosako hitzordua iritsi zen bitartean.

Ikusmina ikaragarria izan zen, biek egin beharreko altxaldiak txandaka egin zituzten, hamar minutuko txandatan ahalik eta altxaldi gehien nork egiten zuen jakiteko. Hori bai, ez zuten aukerarik izan batak bestearen berri izateko: batek altxaldiak egin bitartean, bestea plazatik kanpo zegoen, aldageletan, bost minutuko atsedena har-tzen, eta lehia osoa amaitu zuten arte ez zuten emaitzaren berri izan. Hiru txandatan lehiatu ziren; hiru txanda egin zituen bakoitzak, alegia, eta ikusgarriena emaitza izan zen. Berdindu egin zuten: bakoitzaren hiru txanden batura 103 altxaldi izan ziren, hots, 12.360 kilo bakoi-tzak 45 minututan. Lehertzeraino aritu ziren bi kirolariak.

Gaur emango den saria erabaki duen epaimahaiak desafioaren kirol ezaugarriak aintzakotzat izateaz gain, oso kontuan hartu du desafio hura antolatzeko bi aldeek izan zuten jarrera, jokabidea eta sortu zuten herri-giroa: lehia zin-tzoa izan zen, haserrerik gabekoa, lagunarte edo koadrilen artean antolaturikoa, baina herriaren erraietan josita dirauen lehiatzeko eta trabesak egiteko grinari eran-tzun ziona. "Kirolzaletasun zintzo eta jatorraren eredutzat" jo du epaimahaiak orduan jokaturiko desafioa.

Oso aintzakotzat izan du era berean epaimahaiak desafio hark herrian eta aldirietan izan zuen oihartzun eta garrantzia. Gaur egun, garaian bizi eta desafioa ezagutu zuten guztiez gain, asko eta asko dira Urnietan eta inguruko herrietan lehia haren berri duten gazteak. Epaimahaiak oso egokitzat jo du 50. urteurrena aurten bete izana Euskal Herriko tradiziorik zaharrenetakoa saritzeko, kirol lehian desafioak, trabesak eta apustuak egitearena, kirolzaletasun, jatortasun eta zintzotasun giro hartan egin izana, geroztik urte askotan gogoangarri egiteraino.

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902