Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Danele Sarriugarte Igartza literatur sariaren irabazlea

"Azken sei urteotan beka emakumeentzat izan bada, agian lan txukunagoak aurkeztu ditugulako izango da"

Danele Sarriugarte 23 urteko elgoibartarrak Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak elkarlanean urtero antolatzen duten XV. Igartza literatur saria irabazi du, 'Mamuak' nobela proiektuarekin. Egunkari hau berarekin bildu da, bere sentsazioak ezagutzeko

Jabi Leon - Domingo, 23 de Septiembre de 2012 - Actualizado a las 05:26h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti
Danele Sarriugarte

Danele Sarriugarte (Jabi Leon)

Galería Noticia

Elgoibar. Itzulpengintzako ikasketetan lizentziatuta, Danele Sarriugarte gazteak bere lehen lana argitaratzeko aukera izango du Igartza literatur saria irabazi ondoren. Elgoibartarrak 6.000 euroko beka eta urtebeteko epea izango du helburu hori bete ahal izateko. Eskuartean duen proiektuari "behar beste denbora" eskaintzeko prest dago eta "ilusio haundiz" egingo dio aurre erronkari.

Nola animatu zinen Igartza literatur sarirako proiektua aurkeztera?

Idaztea eta irakurtzea betidanik gustatu zaizkidan bi gauza dira eta ikasketak amaitu ondoren denbora librea nuela ikusita, aurretik hasita nuen proiektu bati jarraipena ematea erabaki nuen. Horrela, ida-tzia prestatu eta idazle gazteak hauspotzeko asmoz antolatzen duten Igartza lehiaketara bidali nuen; irabazteko konfidantza askorik gabe. Horregatik, izugarrizko sorpresa eta poza hartu nuen saria eskuratu nuela jakitean.

Zer suposatu du zuretzat beka hau eskuratzeak?

Egia esan, oso aldaketa handia izan da niretzat. Izan ere, Itzulpengintzako karrera amaitu ondoren literaturaren teoriari buruzko masterra egiteko asmoa nuen eta orain plan hori aldatu egin behar izan dut eleberria ahalik eta ondoen prestatu ahal izateko. Printzipioz, masterra datorren ikasturterako lagako dut eta aurtengoa eleberria prestatzera dedikatuko dut. Oso pozik egingo diot aurre erronkari.

Zein izango da 'Mamuak' eleberriaren argumentua?

Nobela honetako pertsonaia eta kontalaria emakume obsesibo bat izango da. Istorioa maitasun-harreman baten amaierarekin hasten da. Pertsonaia nagusiak harreman osoa birgogoratuko du, hori baldintzatu duten mamu edo obsesio pertsonalei arreta berezia emanez. Neurri batean edo bestean pertsona guztiok dauzkagun neurosiak izango dira eleberriaren gai nagusia. Hori bai, dagoeneko pasarte batzuk nolakoak izango diren oso argi badut ere, beste batzuk lana aurrera joan ahala sortuko dira.

Oker ez banabil, orain arte ez duzu inolako lanik argitaratu eta eleberri hau zure lehenengo argitalpena izango da. Nola egingo diozu aurre erronka honi?

Behar beste denbora eskainita eta disziplina handiz idatzi nahi dut. Aurreko urteotan ikasten aritu naizenez, orain arte izan ez dudan lan erritmo bat ezarri nahi diot nire buruari lana ahalik eta ondoen egiteko. Era berean, ilusio handiz egingo diot aurre proiektuari.

Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Uxue Apaolaza, Garazi Kamio, Goiatz Labandibar, zu zeu... azken sei urteotan Igartza saria emakume batentzat izan da eta horrek zeresana eman du kazetari batzuen artean. Zer diozu?

Banekien galdera hori egingo zenidala baina horrela gertatu bada... azken urteotan emakumeok lan txukunagoak aurkeztu ditugulako izango da. Edonola ere, horren inguruan gizonezkoen artean hainbesteko eztabaida sortu bada... agian gizonezkoentzat beste sari bat antolatu beharko lukete.

Jasone Osoro eta Uxue Alberdi elgoibartarrek ere Igartza beka eskuratu zuten bere garaian. Denbora aurrera joan ahala, Osorok eta Alberdik euskal kulturgintzan lekua egitea lortu dute. Haien pausuak jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Noski gustatuko zi-tzaidala haien pausuak jarraitzea; bien idazteko era asko gusta-tzen zait eta dudarik ez dago erreferente bat direla euskal literatura gustuko dugun gazte askorentzat. Hala ere, nik lehengo urtean amaitu nuen karrera eta bide honetan guztiz hasiberria naiz. Beraz, denborak esango du noraino hel naitekeen baina zalan-tzarik ez dago: haiek egindako bidea jarraitzea gustatuko litzaidake.

Bestalde, orain dela denbora bat elearazi.org webgunea sortu zenuen lagun batekin. Zer topatu daiteke bertan?

Blogaren ardatza euskarazko itzulpengintza da baina literatura edo filosofiarekin zerikusia duten bestelako gaiak ere jorratzen ditugu bertan. Edonola ere, hilero euskaraz ez dagoen autore baten lan bat euskaratu egiten dugu; poema bat, ipuin laburren bat.... Era berean, elearazi.org webgunean elkarrizketak, hitzaldi edo bestelako ekitaldiren baten inguruko kronikak, gai bati buruzko hausnarketak, kuriositateak edo ikusentzunezko bideoak topa daitezke.

Martxan ipini zenutenetik zer nolako harrera izan du 'blog'ak?

Gu oso pozik gaude eta Igartza saria eskuratu ondoren bisiten kopurua nabarmen igo dela ikusi dugu. Dena dela, euskara edo itzulpengintzarekiko interesa duten herritar guztien partaidetza handiagoa izatea gustatuko litzaiguke. Beraz, lerro hauek aprobetxatu nahi ditut euskaltzale guztiak gure blogean sartu eta euren iritziak ematera animatzeko. Webgune honetan aldeko iritziak, kritikak eta mota ezberdineko proposamenak onartzen ditugu bloga aberasteko biderik onena hori dela pentsatzen dugulako.

Ikusten dudanez, ikasturte berri honetan ez duzu aspertzeko denbora luzerik izango...

Hala dirudi. Alde batetik, Elerazi.org webgunearekin jarraitu nahi dut eta, bestetik, Mamuak eleberriari denbora nahikoa dedikatu beharko diot. Beraz, diozun bezala ez zait aspertzeko denbora askorik geratuko baina gustura egingo dut egin beharrekoa. Nobela amaitzean ikusiko dugu zer nolako harrera duen eta nondik jo baina, hasiera batean behintzat, horren ondoren aurten alde batera laga behar izan dudan masterrari heltzea gustatuko litzaidake.

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902