Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Iritzia

Paradoxa

por Jorge Giménez Bech - Domingo, 23 de Septiembre de 2012 - Actualizado a las 05:26h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Sakon barneratu zen Mikel Laboa, bere Lekeitio artegagarri haien bidez, komunikazioaren eta inkomunikazioaren arteko dialektikan. Konbentzio guztietatik aske, hain kuttunak zituen txorien eran hegaldatzen ziren aho-sudur-bihotzez ekoiztutako soinu-doinuak, entzulea eskutik helduta. Arte garaikidearen gailurretara eraman zuen, hala, tradizio zaharrenetik jasotako sorgin-hizkerazko Baga, biga, higa hartan zabaldu zuen bidea.

Mikel, ordea, 2008an joan zitzaigun oroimenaren paraje leunetara kantari. Sare sozialak hasiak ziren beren harreman-amaraun sarria ehuntzen, baina ordenagailuetako pantaila zuten, oraindik, erresuma nagusi. Handik oso gutxira gertatu zen jauzi nire ustez benetan kualitatiboa: sakeleko gailu txikietarainoko jauzia. Eta, espero zitekeenez, sare sozialen zerbitzura jarritako teknologiaren adar berriak erabat kolonizatu ditu oraintsu arte gehienok hizketarako baizik erabiltzen ez genituen makinatxoak.

Koska batez estutu dugu mendebaldeko gizaki garaikidea, antza, definitzen duen ezaugarririk markatuena: informazio guztia gertakarien abiadan jasotzeko irrika, berehala nork bere sarean hedatzeko. Sistemak bere aukera egin du: formatu laburra nagusitu da, garbi; baina jibarizazioaren bidetik, zoritxarrez, eta ez Axularren gomendio argiarenetik: "Ez zail, baizik erraz. Ez itxi, baizik zabal. Ez pisu, baizik arin eta atsegin".

Txantxa eta ateraldiaren itxuraz leuntzen dira sareetan dabiltzan mezu asko eta asko, edota, beste muturrean, erranairu zaharraren toga janzten dute, epaia sarean iltza-tzeko, garai batean elizako atean bezala. Batera nahiz bestera, ordea, bizkortasuna, berehalakotasuna da urrezko araua, eta gertutasuna bilatzen da, espontaneotasuna gidari eta nolabaiteko konplizitate baten babesean. Eta ezin da ukatu, jakina, horiek positibotik daukatena, baina ez dira aski komunikaziotik ezagutzarako bidea egiteko…

Aspaldi emana zen abisua, egia da. Egunkarien kasuan, adibidez, uholde digitala iristerako, urte mordoska zen haien itxura eredu bisualagoetara lerratzen ari zela. Bazen, izan ere, kirol kazeten eredua orokortzea lotsarik batere gabe proposatzen (ala iragartzen?) zuenik: testu urri, irudi ugari. Irakurtzeko nagi direnentzako egunkariak, alegia. Eta, jakina, era guztietakoak izaten ziren horretarako arrazoiak: irakurtzeko gero eta denbora gutxiago; informazioaren ugaritasunak legetzat ezartzen duen arintasunaren aldeko apustua; ikusentzunezkoek konfiguratutako belaunaldi gazteengana iristeko premia…

Denak egia, seguru asko. Denak suizida.

Informazioak, komunikazioak bezala eta hein berean, giza-izpiritua ernaldu behar du, lotura berriak sorrarazi, kontzientzia astindu, sen kritikoa zorroztu. Eta horrek erri-tmo jakin bat eskatzen du, sosegua, trenpu egokia. Sare sozialetan lehenesten ez diren kontuak, hain zuzen.

Hortxe, paradoxa: Laboa handia gai zen, artegintzaren bidetik, soinu berez ulertezinez komunikazio aberatsa sortzeko; ez ote gara, gaur, zeinu guztiz ulergarriez zabaltzen ari inkomunikazioaren basamorturik pobreena…

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902