Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Bertako gaia

Eskerrik asko, Jose Mari

urretxuko txistulariek Jose Mari Lasa omenduko dute larunbatean, santa anastasia jaietako kontzertuan

urretxu, asier zaldua - Jueves, 20 de Septiembre de 2012 - Actualizado a las 05:25h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti
Jose Mari Lasa, txistularien zuzendari lanean, 2010eko kontzertuan

(Joserra Rodriguez)

Galería Noticia

URTE hasieran urretxuar eta zumarragarrek kolpe latza jaso zuten: Jose Mari Lasaren heriotza. Urretxuar eta euskaltzale petoa, langile porrokatua, guztiekin adei-tsua... pertsona eredugarria zen. Azken hilabete hauetan bi herriotako elkarte askok gogoratu dute, baina omenaldi nagusia txistulariek egingo diote larunbatean. Izan ere, Urretxuko txistulari taldearen bitartez, euskararen eta bere herriaren alde lan egin zuen batez ere Lasak Dena den, zinegotzia eta Zintzo-Mintzo euskaltzale elkartearen sortzailea ere izan zen. Hala, Jose Javier Larrañaga Jostenka eta Juan Manuel Kerejeta txistulariekin, Juanito Arbizu alkate ohiarekin eta Sebas Iturriotz Zintzo-Mintzoko kidearekin hitz egin dugu Lasari buruz.

Arbizu 1976tik 1983ra bitartean izan zen alkate. Lehen hauteskundeak 1979an izan ziren eta talde independente batekin aurkeztu zen. Talde hartan Lasa ere bazegoen. "Zerrenda osatzeko gogor lan egin genuen. Jose Mariren obsesioa pluraltasuna zen. Bera halakoa zen, oso irekia". EAJ, HB, PSOE eta PCE ere aurkeztu ziren, baina Arbizu eta Lasaren taldeak irabazi zituen hauteskundeak. Txistularia Kultura eta Euskara zinegotzia izan zen. Legealdi hartan Kaixo aldizkaria sortu zen eta Aizpurunea (egun, kultur etxea) erosi zen, besteak beste. Arbizuk Lasa "urretxuar petoa" eta "pertsona langilea" zela dio. "Sendoa, adeitsua eta inplikatua zen. Beti zuzen eta garbi jokatzen zuen eta bazekien erantzuten. Ez zen kikiltzen", gehitu du.

elkarrekin azkenekoz

Bilboko Euskaldunan

Euskaltzale amorratua ere bazen eta, hala, Zintzo-Mintzoren sorreran parte hartu zuen. Gainera, elkarte honek Santa Anastasia jaietan antolatzen duen kantu afariaren alma mater-a zen (ekitaldi honetan ere gogoan izango dute, noski). Sebas Iturriotzek berarekin lan egin zuen elkartearen sorreran. "Pertsona oso konprometitua zen, batez ere euskararekin. Ez zuen akats bat bera zuzendu gabe uzten. Zintzo-Mintzo barruan, ahalik eta egitasmo gehienetan parte hartzen zuen. Zer edo zertan lagundu ezin bazuen, animatu egiten zuen: toponimia liburuaren ekoizpena, Otamotz aldizkaria... gertutik jarraitu zituen".

Izan ere, Urretxu eta Zumarragan egiten zen guztiari babesa eskain-tzea gustatzen zitzaion. "Herriko jendearen lana jarraitzen zuen. Jose Mari Yurrebaso txirrindulariaren lasterketetara joaten zela gogoratzen dut, adibidez. Herriko bertsolarien saioetara joatea ere atsegin zuen".

Baina bere ekitaldi gogokoenak Santa Anastasietako kantu afaria eta txistularien kontzertua ziren. Bere lagunek "burugogorra" zela eta bi saio hauek betiko tokian egitea gustatzen zitzaiola diote: bata Abenidan eta bestea Iparragirre plazan. Bustitzeko arriskua nabarmena zenean ere, ez zuen amore ematen: emanaldiak hasterako atertuko zuela esaten zuen.

Kerejetak eta Larrañagak ederki gogoratzen dute hori. Izan ere, hirurak banaezinak ziren: Urretxuko txistulari taldeko mosketariak. Umetatik ezagutzen zuten elkar. Bere hutsunea nabaritzen dutela diote. "Txistulari taldean ia dena berak egiten zuela konturatu gara. Guri zer edo zer egin behar zela esaten zigun eta, gu hasterako, berak egina zuen". Bi beterano hauek gazteei eskerrak eman nahi dizkiete: "Laguntza behar dugula ikusi dute eta ez gaituzte bakarrik utzi".

Arlo pertsonalean ere hutsune handia utzi du, noski. "Ostiral gauero elkarrekin kafea hartzen genuen. Egun, biok bakarrik joaten gara eta askotan gogoratzen dugu bera". Lasa hil baino apur bat lehenago izan ziren azkenekoz elkarrekin. "Iazko abenduaren 28an Bilboko Euskalduna jauregian izan ginen, Garikoitz Mendizabalek Bilboko orkestrarekin eskaini zuen kontzertuan, Jose Marik eskatuta. Ondoren, Bilbon bertan afaldu genuen. Oso gustura ibili ginen".

Handik egun gutxira, Lasari azken agurra eman zioten elizan. Etzi, 23.00etan, eliza aurreko plazan, omenaldia eskainiko diote. Larrañagak eta Kerejetak badakite asko hunkituko direla. "Kontzertua isten duen Gernikako Arbola kanta nik zuzentzen dut urtero, Santi Gutierrez falta denetik. Gazteek aurten ere nik zuzendu behar dudala esan didate. Beldurra dut. Ez dakit zer irtengo den", dio Larrañagak. Urretxuarren kanta kuttuna inoiz baino ederrago eta zirraragarriago entzungo da. Ziur.

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902