Publicidad
Herramientas de Contenido
[Entrar | Registrarse]
Garai bateko lanbideak antzeztuko dituzte herriko atarietan
Ostiralean, 22.30ean, inkisizioari buruzko 'Sua' filma eskainiko da herriko plazan
asier zaldua - Miércoles, 11 de Julio de 2012 - Actualizado a las 05:25h
votos
comentarios
Vista:
segura. Larunbatean eta igandean Gure Erroetan Murgilduz festa izango da Seguran. Herritarrek Erdi Aroan nola bizi ziren erakutsiko dute herriko atari ederretan. Segurarrek hamaika lanbide antzeztuko dituzte.
Lehen ekitaldia ostiralean izango da: 22.30ean inkisizioari buruzko Sua filma eskainiko da plazan. Pelikula honetan Gure Erroetan Murgilduz festan grabatutako irudiak ikus daitezke. Atariak larunbatean eta igandean irekiko dira. Larunbatean 16.00etan eta igandean 10.00etan. Irekiera ekitaldietan nobleek eta txistulariek parte hartuko dute. Ondoren, kale animazioa izango da: zaldiko-maldiko magikoa plazan, sorginak gurdian, zaldunak, eskuz gari jotzea plaza zaharrean eta ospitalea elizako ate txikian.
Gainera, larunbatean Erdi Aroko afari girotua izango da. Bertan, Alurr dantza taldeak Izanak dirau-1512 ikuskizuna eskainiko du. Bestalde, igandean 12.00etan erromesei ongietorria eskainiko zaie Germanenen.
Horretaz guztiaz gain, esan bezala, segurarrek Erdi Aroko lanbideak antzeztuko dituzte herriko atarietan: sarrailategia, gari biltegia, gari tresneria, abarkagilea, iltzegilea, sutegia, ehungilea, gaztagilea, aroztegia, pilota egilea, eskribaua, latin eskola, ospitalea, okindegia, bolatokia, inkisizioa, saskigilea, hargina, ukuilua, hegazti eta abere azoka, zapataria eta erlezaina izango dira, besteak beste.
Festa herrikoirik bada, hau da. Ez bakarrik bizilagun askok parte hartzen dutelako, baita segurar talde bat izan zelako ekimena abian jarri zuena. Euren artean Rafa Berasategi zegoen. Herritar honek Irizar enpresan lan egiten du: 40 urte baino gehiago daramatza bertan eta aurten hartu behar du erretiroa.
Baina bere zaletasun nagusiak mendia eta etnografia dira. Himalayan sarritan izan da eta urteetan bildutako tresnekin Erraztiolatza museoa ireki zuen duela lau urte. "Gure etxean, Igeltseronen, beti gorde dira trasteak. Urte askotan ez nuen ezer bildu, baina 1995ean izozteak izan nituen mendian eta bizimodua aldatzea erabaki nuen. Ordutik, tresna asko bildu ditut", azaldu du Berasategik.
Euskal Herria osoan jasotako gauzekin Erraztiolatza ireki zuen bere etxe azpian. Museo honetan ikusgai dituen tresnek zeresan handia izan zuten, hain zuzen ere, Gure Erroetan Murgilduz festaren sorreran. Izan ere, horiek erabiltzen dituzte segurarrek Erdi Aroko lanbideak antzezteko. Adibidez, Galiziatik ekarri zuen ehundegia. "Holandan egindakoa da, baina Euskal Herrian erabiltzen zituztenak honen modukoak ziren", aipatu du.
Berasategi eta bere lagunek 90eko hamarkada erdialdean egin zuten festa hau antolatzeko lehen saiakera. "Garai hartan Ordizian eta beste herri batzuetan Erdi Aroko azokak antolatzen hasi ziren, baina guk beste zer edo zer egin nahi genuen. Gure asmoa bertako atariei garrantzia ematea zen. Gainera, tresneria genuen. Baina lehen saiakeran kale egin genuen", aitortu du.
Bigarren saiakera 2004an egin zuten. "Maiatzean, herri sarreran, Santikutz ermitan, festa egiten da. Guk urtero tabernan afaltzen dugu eta 2003an Arantxa Salegik Erdi Aroko arropekin joatea polita izango litzatekeela esan zuen. Hurrengo urterako arropa prestatu genuen, baina herrian inork ezer ez zekien eta a zer nolako lotsa ematen zigun kalera horrela ateratzeak... txanpan botila bat edan genuen atera aurretik! Azkenean, txistularia ikusi genuen eta gurekin herriari buelta emateko eskatu genion".
Bizilagunei ekimena gustatu egin zitzaien eta asko hurrengo urtean janzteko prest agertu ziren. Hala, Martzillan Erdi Aroko arropa egiten zutela jakin zuten eta herrian kartelak jarri zituzten. "90 lagunek eman zuten izena! Garaje handi bat apaindu genuen eta bertan egin genuen afaria".
Ekimenaren arrakasta ikusita, Segurako Udalak egitasmoa herri osora zabaltzea proposatu zien. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin, Berasategik eta bere lagunek festa herriko atarietan egiteko aukera izan zuten. "300 lagun baino gehiago agertu ziren parte hartzeko prest eta arropa mordoa egin behar izan genuen". Atarien jabeek ere bat egin zuten. Eskerrak Erraztiola-tza museoko arduradunak tresneria asko zuen...
Hasieran festa urtero antolatzen zen, baina azkenaldian bi urtetan behin antolatu da. Izan ere, lan handia egin behar da eta ez dute jendea nekatu nahi. Ekimen honek, Segurako atari ederrak ezagutzera emateko balio izan du. Bizilagun batzuk Gure Erroetan Murgilduz festari esker jabetu dira euren atarien edertasunaz. "Azken urteotan atari asko konpondu dira. Herriko guztiak dira ederrak, baina batzuk benetan ikusgarriak dira. Brionesen ere antzeko festa antolatzen da eta duela urte batzuk bertara joan ginen: Segurako atariak hangoak baino askoz ere ederragoak dira", amaitu dute.
Gracias por su comentario
Publicidad
Publicidad
Rajoy sube el IVA al 21% y baja la prestación de paro
OPINA: ¿Estás de acuerdo con las nuevas medidas del gobierno de Rajoy?
Publicidad