Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Lauaxetaren gabardinarena

Domingo, 17 de Junio de 2012 - Actualizado a las 05:28h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

1937ko udaberrian agertu zen lehen aldiz gabardina bat zinean (Dick Tracy detektibeak zeraman soinean). Ordurako, ordea, euritarako soingainekoak indar ikonografiko handia lortua zuen komikiei esker, justizia benetakoaren defendatzaileak ziren-eta -boterearen gehiegikeriekin zein gaizkileen desmasiekin ezkontzen ez zirenak- gabardinaren egitekoa baliatzen zuten heroiak: euriak bezala, ustelkeriak ere irrist egin zezala gabardinan behera, pertsonaion zibiltasuna zikindu/busti gabe. Jantzi laikoa, modernoa, urbanoa bihurtzen ari zen gabardina.

Udaberri berean, Espainiako gerraren erdian eta Gernikako sarraskia gertatu berri, Lauaxetak ere gabardina bat zeraman soinean Georges Berniard kazetariari sarraskiaren tamaina erakusten ari zela. Hartan, preso hartu zuten, eta faxistek fusilatu aurreko orduetan, poetak bere azken poemak eta gabardina eman zizkion fraide bati. Bagenekien poemen opariarena. Fraideari gabardina ere gordetzeko eskatu zionik, ez.

Albisteak apenas izan zuen oihartzunik hemendik kanpo. Ohituta gaude. Euskararen etxean ere ez gaude, ordea, kriskitinka hasteko. Lauaxetaz dakiguntxoa, faxistek fusilatutako euskal poeta bat dela; onenean, Antton Valverdek musikatutako olerkiren baten edo besteren ezaguera labur mugatuaz harro gaitezke. Hortik aurrera, kriskitin gutxi. Gabardinaren albisteak eragin benetakoa izango badu, ez da aski jantziaren indar ikonografikoaz jabetzea. Ezagutu behar da Lauaxeta ere: ezinbesteko baldintza da gabardinaren zeinua bere osotasunean hartzeko.

Izuaren armairuetan ezkutatuta egon da jantzi dontsua, harik eta Literaturia jardunaldietan erakutsi duten arte. Opari aparta, gauza asko kontatzen baitigu ikono sotil bezain esanguratsuak: jantzi laiko bat, bi mundu-ikuskera uniformeen arteko gerra betean; jantzi moderno bat, aurrera begiratzeko talaia baten bila zebilen gizarte hartan; jantzi urbano bat, nekazari-mundutik hirira zihoan kultura baten erdian.

Gabardinaren albistea izan genuenenean, Balentziaga museoak lehen urtebetetzea ospatu zuen. Bitxia da: jantzigile getariarrak 1937 urtean -Lauaxeta fusilatu zuten eguntsuetan- zabaldu zuen bere estreinako denda Parisen, eta buruan darabilt modaren euskal museoa ez ote den tokirik aproposena gelatxo bat eskaintzeko gabardinari. Gelak, bistan da, ez luke gainerako aretoen lustrerik izango: argirik gabea behar luke guztiz, isila eta ezeren usainik gabea, Elena Asins eskultorearen instalazio ezaguna bezalako kamera beltz itsu bat. Iluntasunaz gainera, hotza litzateke gelan sartzen denak sentituko lukeen sentsazio nagusia. Hotz hezurretarainokoa. Bat-batean, huts hotz erabatekoaren erdian, bisitariak hegazkin-hotsak entzungo lituzke hurbiltzen; laster, bonbardaketaren burrunba eta jendearen oihuak. Brastakoan, argi gordin gorri bat, suarena bezalakoa, piztuko litzateke kameraren erdian, eta bisitariak Lauaxetaren gabardina ikusiko luke sabaitik zintzilik.

Ez da bi zeinu -Balentziaga eta Lauaxeta- elkarren kontra jartzeko probokazioa, biek nola elkar elikatzen duten imajinatzeko gonbidapena baizik.

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902