Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Ane Ziaran Euskadiko Triatloi txapelduna (Sprint modalitatean)

"Amama behin etorri zen nire karrera bat ikustera eta horren ondoren esan zidan gehiago ez zela etorriko"

Ane Ziaran Laskurain hogei urteko eibartarrak Sprint modalitateko Euskadiko Triatloi txapelketa irabazi zuen hilaren hasieran Bermeon jokatutako proban. Egunkari hau berarekin egon da bere ibilbidea, sentsazioak eta etorkizunerako dituen erronkak ezagutzeko

Jabi Leon - Martes, 22 de Mayo de 2012 - Actualizado a las 05:26h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti
Ane Ziaran

Galería Noticia

Eibar. Ane Ziaran lau urtekin hasi zen igeriketako ikastaroetara joaten. Handik aurrera beti egin du kirola eta hainbat modalitate praktikatu ondoren, azken urteotan triatloiaren munduan sartuta dabil buru-belarri. Iaz bera izan zen Euskadiko zirkuitoko irabazlea Sprint modalitatean eta aurtengo denboraldian Euskadiko txapelketa irabaztea lortu du. Aurretik bere Eibarko etxean hainbat domina eta garaikur zituen arren, Bermeon eskuratutakoa lehen txapela izan da berarentzat. Horregatik, sariak "kriston ilusiua" egin diola aitortzen du. Lehena bai baina bere gaztetasuna, gogoa eta indarra ikusita, seguruenez, ez da bere azkenengo txapela izango.

Noiz eta nola hasi zinen kirola praktikatzen?

Ume-umea nintzela, laupabost urterekin hasiko nintzen igeriketako ikastaroetara joaten. Handik hiru urtera eskolarteko txapelketetan parte hartzen hasi nintzen Eibarko Urbat taldearekin eta hamalau urterekin lehen triatloia egin nuen Donostian. Umeentzako antolatuta zegoen eta igeriketan 200 bat metro egin ondoren zortzi kilometroko ibilbidea egin genuen bizikletaz eta beste kilometro bat korrika.

Eta hor hasi zen gaur egun triatloiarekin duzun harremana...

Donostian izandako esperientzia asko gustatu zitzaidan eta hortik aurrera aitarekin hasi nintzen Nafarroan egoten ziren probetara joaten. Bertako Eskola kirola egitasmoan triatloia lantzen da eta antolatzen zituzten probetarako izena ematen nuen. Urtebete beranduago, hamabost urte nituela egin nuen zirkuitoko lehen triatloia Sprint modalitatean eta 16 urtekin lehen Olinpikoa. Azken hauetan 1,5 kilometro egiten dira igerian, 40 bizikleta gainean eta 10 korrika.

Eta Sprint modalitatekoetan?

Erdia. Beste egunean Bermeon izan zen Euskadiko txapelketan 750 metro egin behar izan genituen itxasoan, 25 kilometro bizikletan eta beste bost kilometro korrika.

Kanpotik ikusita, triatloia oso kirol gogorra dela dirudi...

¡Qué va! Ez da kanpotik ikusten den bezain gogorra. Kirola egiten disfrutatzen duten neska guztiei proba dezaten animatzen ditut. Oso giro ona egoten da lasterketetan eta probatzen duenak errepikatzen du.

Ez dira neska asko izango triatloietan, hala bai?

Zorionez gauzak aldatzen doaz eta bost urtetik hona aldaketa handia egon da. Gero eta emakume gehiago gara triatloietan eta hori ekainaren 10ean Donostian izango den proban ikusiko da. Sprint modalitateko karrera da eta dagoeneko ehun bat emakumek parte hartzeko izena eman dugu.

IVEF ikasten duzu eta azken urteotan Gasteizen bizi zaren arren Eibarko Triatloi taldeko kidea izaten jarraitzen duzu...

Bai, bai. Hemen hasi nintzen eta oso gustora nago lehen momentutik. Hasieran neska bakarra izateaz gain taldeko gazteena nintzen, baina taldeko kide guztiek beti tratatu oso ondo tratatu. Orain ni baino gazteagoak diren mutil batzuk sartu dira taldean baina ni neska bakarra izaten jarraitzen dut. Ea baten bat animatzen den! (barreak).

Zure etxean ondo dakite zer den triatloia, ezta?

Bueno... aitak ere egiten zuen baina laga zuen, gutxi gora behera ni hasi nintzenean. Ume-umea nin-tzenetik ezagutu dut triatloia aitak egiten zituen lasterketak ikustera joaten ginelako. Orain al reves gabiltza: nik hartzen dut parte probetan eta bera etortzen da ni ikustera. Aitari gustatzen zaio baina amak txarto pasatzen du, sufritzen du. Eta amama behin etorri zen nire karrera bat ikustera eta horren ondoren esan zidan gehiago ez zela etorriko lasterketetara.

Oso gaztea izan arren Sprinteko Euskadiko txapelketa eta zirkuitoa irabazi dituzu bi urtetan. Zein da zure hurrengo erronka?

Zarautzeko triatloia amaitzea. Aurtengo denboraldia horretara bideratu dut: proba amaitzera eta nola irtetzen den ikustera. Zarautzen 2,5 kilometro egin behar dira igerian, Getariatik Zarautzera, eta horren ondoren 80 kilometro bizikletan eta beste 2,5 korrika. Holako distantzia luzea ez dut inoiz egin. Proba egiteko bost ordu baino gehiago behar dira eta ez dakit gorputzak nola erantzungo didan.

Eta datorren denboraldiari begira?

Orain ez nago horretan pentsatzen. Egia da Euskadiko txapelketa irabaztea jarraitzeko motibazio bat izan dela baina une honetan beste gauza batzuk ditut buruan. IVEF-eko laugarren kurtsoa Amerika Latinako herrialde batean egiteko beka bat lortu dut eta abuztutik urtarrilera bitartean Kolonbian egongo naiz ikasten. Beraz, orain Zarautzeko eta Donostiako triatloiak egingo ditut eta Kolonbiatik bueltatzerakoan ikusiko dugu.

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902