Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Agustin Alcibar Aguirregabiria Itziarko Salegi jatetxekoa

"Lehen Lasturrera joaten ginen jeneroarekin; truekean egin eta jasotakoa Azpeitiko azokan saltzen genuen"

Espainiako Ostalarien XIV. Kongresuak estatuko 17 familia omendu zituen hilaren 16an Donostian. Horietako bat, Euskadiko bakarra, Itziarko Salegi jatetxea kudeatzen duen familia izan zen. Egunkari hau jatetxeko Agustin Alcibarrekin bildu zen atzo, bere sentsazioak ezagutzeko

Jabi Leon - Jueves, 26 de Abril de 2012 - Actualizado a las 05:26h

  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti
Agustín Alcibar, Itziarko Salegi jatetxearen kanpoaldean.

Agustín Alcibar, Itziarko Salegi jatetxearen kanpoaldean.

Galería Noticia

Itziar. Agustin Alcibar 75 urteko itziartarra hamabost urterekin hasi zen familiako Salegi jatetxean lanean. Orain, jubilatuta dagoen arren, orduak ematen ditu bertan; "ahal dudan guztian laguntzen". Jatetxea bere bizitzaren parte "oso inportantea" izan da eta horregatik "poz handiz" jaso zuen estatuko ostalarien kongresuak eskainitako omenaldia. Elkarrizketa honen bidez, Salegi jatetxearen ibilbidea ezagutzeko aukera emango digu Agustinek; une oro irifarra ahoan duela.

Hasteko, nola bizi izan zenuen estatuko ostalarien kongresuak zure familiari eskainitako omenaldia?

Poz handiz. Oso egun polita pasa genuen Donostian, jende ugari gerturatu zen etxekoak zoriontzera eta ez dut inoiz ahaztuko. Gauza positibo eta ona izan zen eta holakoek orain arte bezala lanean jarraitzeko indarra ematen dute.

Noiz ireki zituen bere ateak Salegi jatetxeak?

Egia esaten badizut ez dakigu noiz ireki zen. Hori bai, badakigu 1881 urtean nire amaren aittittak eta amamak eraikina hobetzeko obrak egin zituztela (bere seme Gotzonek eskuz idatzitako proiektu zaharra erakusten du). Ordutik aurrera hainbat erreforma eta aldaketa egin ditugu hemen.

Beraz, oraingo Salegik ez dauka zerikusi handirik jatetxe zaharrarekin, ezta?

¡Qué va! Lehen denda ere bazegoen bertan. Taberna izateaz aparte, denetarik saltzen genuen: ferreteria eta elektrizitaterako gauzak, ultramarinos, kartutxoak, abarketak... 35 bat urte izango dira denda kendu eta jatetxearekin bakarrik geratu ginela.

Noiz hasi zinen jatetxean lanean?

1952. urtean. Hambost urte egiteko hilabete bat falta zitzaidanean osaba bat hil zen eta orduantxe hasi nintzen etxeko negozioan laguntzen. Hortxe amaitu zen eskola niretzako.

Suposatzen dut ordutik hona gauzak asko aldatu direla...

Bai, noski. Pentsa ezazu orain dela 50 bat urte astero joaten nintzela kamioneta batekin Lasturrera jeneroa banatzera. Portzentaje handi bat trukean egiten genuen. Guk jendeak behar zuena ematen genuen eta auzotarrek arrautzak, babak edo zeuden garaiko produktuak ematen zizkiguten... Horren ondoren jasotako produktuak saltzera joaten ginen, askotan, Azpeitiko azokara.

Ba al dauka jatetxeak sekreturen bat horrenbeste urte igarotzeko?

Gure sekretua kalitatearen aldeko apustua izan da beti. Etxean egindako janariak eta postreak eskain-tzen ditugu eta bezeroak hori baloratzen du. Adibide batzuk aipatzearren esango dizut piperrak Nafarroatik ekarri eta gero etxean erre eta ontziratu egiten ditugula; sorbetea egiteko erabiltzen ditugun laranjak garai onenean daudenean erosten ditugu, zumoa egin eta gero izoztuta gordetzeko...

Baina jatetxeak eskaintzen dituen platerak aldatzen joango dira, ezta?

Bai, noski. Ni hemen lanean hasi nintzenean bezeroek ensaladilla rusa, jamon york eta holakoak eskatzen zituzten eta gaur egun jendeak maila handiko platerak, elaboratuagoak, eskatzen ditu. Eboluzioa egon da bezeroen gustuetan eta jatetxea garaiko modetara egokitu behar izan da. Beraz, argi dago gure eskaintzan aldaketa nabarmenak egon direla; platerak aurkezteko eran ere bai... baina beti kalitatearen aldeko filosofia berdinarekin egin dugu lan eta uste dut hor dagoela jatetxearen arrakasta.

Krisia igarri al duzue?

Bai, bai. Orain jende askok prezioa begiratzen du lehenik eta behin baina, zorionez, beste askok kalitatea begiratzen jarraitzen dute.

Establezimendu ugarik krisiari aurre egiteko eskaintza bereziak egiten dituzte. Zuek holako zerbait egitea pentsatu duzue?

Ez. Badakigu jatetxe batzuk ezkontzak hartzeko autobusak dohanik ipintzen dituztela edo produktu merkeagoak erosten dituztela prezio hobeak eskaini ahal izateko; baina Salegik izen bat egin badu eskaintzen duen kalitateagatik izan da eta hori ez dugu aldatu nahi; nahiz eta sarritan produktu merkeagoak erosteko ofertak jaso.

Burugogorrak zarete...

Ez dakit burugogorrak izango garen edo ez baina argi dugu gure filosofia eta printzipioen kontra ez dugula egingo. Hemen gauza tradizionalak eskaintzen ditugu baina beti oso kalitate onekoak eta horrela jarraitzeko asmoa dugu.

Baina krisi garaian egonda...

Berdin dio. Establezimendu hau 130 urte baino gehiago daramatza irekita; denbora honetan une zail asko gainditu ditu eta oraingoan ere aurrera egingo duelakoan gaude.

votos comentarios
  • Mail
  • Meneame
  • Tuenti

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Últimas Noticias Multimedia

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902