Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa Grupo Noticias
bertan

Auzoetako denden errotuloetan euskara presente dago, baina osagarri gisa gehienetan

Intxaurrondon hizkuntza paisaiaren %67n erabiltzen da eta erdialdean, %34n

Banketxe gehienek euskara jasotzen dute; etxe atarietako errotuluek, oso gutxitan

Arantzazu Zabaleta - Miércoles, 15 de Diciembre de 2010 - Actualizado a las 05:34h

Donostia. Euskararen presentzia Donostiako auzoetako hizkuntza paisaian handitzen ari da eta denda, taberna, bulego eta bestelakoen errotuloetako mezu gehienetan euskara erabiltzen dute. Dena den, kasu gehienetan euskal hizkuntza "makulu" gisa agertzen da eta ez da autonomoa, hau da, euskarazko edukiak ez du informazio berririk eskaintzen kartel elebidunetan, balio erantsia izan arren.

Hori da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerlari talde batek ondorioztatu duena, Euskararen Udal Patronatuarekin sinatutako akordio baten bidez lau urteotan hiriko hainbat auzotako 12.000 argazki atera eta horien bidez hizkuntza paisaia aztertu ondoren. Aurreko urteotan Erdialdea, Parte Zaharra, Gros, Amara eta Antiguako kale nagusietako kartelak ikertu zituzten eta aurten Egia, Altza, Loiola eta Intxaurrondoko paisaia linguistikoa behatu dute analisia osatzeko.

Bada, guztien artean, Intxaurrondon lortutako emaitzak dira positiboenak euskararen presentziari dagokionez, aztertutako errotuluen %67n euskara erabiltzen baitute (%61 elebidunak dira, eta horiei euskara hutsean edo ingelesarekin batera agertzen diren batzuk gehi-tzen zaizkie). Klasifikazioaren azken postua, berriz, Erdialdearentzat da, bertan euskara hizkun-tza paisaia osatzen duten elementuen %34n bakarrik agertzen baita.

etxe atarietako kartelak Jokin Aiestaran eta Jasone Cenoz iker-tzaileen arabera, bi faktore nagusi egon daitezke desberdintasun nabarmen hori azaltzeko: batetik, etxe atarietako errotulu profesionaletan (abokatu baten bulegoa iragartzeko, adibidez) gaztelania hutsezko kartelak dira gehientsuenak eta horiek euskararen presentzia orokorraren portzentaia nabarmen jaisten dute. Amara eta Erdialdean, adibidez, horrelako asko daude eta azken datuak nolabait "desitxuratzen" dituztela agertu zuen atzo Aiestaranek; Intxaurrondon, aldiz, askoz gutxiago daude, ikertzaileen arabera.

Bestalde, azken auzo hori nahiko gaztea dela nabarmendu zuten, eta belaunaldi gazteek barneratuagoa daukatela negozio edo bulego berri bat zabaldu eta errotulua enkargatzean euskarak ere presentzia behar duela.

Auzoz auzoko klasifikazio horretan, Intxaurrondoren ondoren Parte Zaharra legoke (hizkuntza paisaia osatzen duten elementuen %59n euskara badago), gero Loiola (%56), Antigua (%54), Altza (%53), Egia (%53), Gros (%46), Amara (%37) eta Erdialdeak itxiko luke sailkapena (aipatutako %34 horrekin).

sektoreka Argazkiekin lortutako datuak sektoreka ere aztertu dituzte Aiestaran eta Cenozek. Hala, etxe atarietan bulegoak iragartzen dituzten errotuluetan gaztelania hutsezko edukiak nagusi badira, beste muturrean banketxeen kasua jarri zuten: etxe gehienek euskara erabiltzen dute haien errotuluetan auzo guztietan. Taberna eta jatetxe gehienetan ere euskararen presentziaren portzentaia %100era gerturatzen da, baita eraikin ofizialetan (anbulategiak...) ere. Aurten aztertutako lau auzoetan, denden kartelei dagokienez, %57 eta %73 arteko portzentaian agertzen da euskara.

Datuok positibotzat hartu zituzten bai ikerlariek eta baita Donostiako Euskara zinegotzi Ainhoa Beolak ere, eta euskal hizkuntzaren presentzia kalean handitzen ari dela azpimarratu zuten. Hala ere, garbi dago oraindik lana egiteko dagoela, %100era heldu arteko portzentaia oraindik gaztelania hutsean dauden kartelek osatzen baitute.

Donostiako Euskararen Udal Patronatuarekin batera abiatutako ikerketa bukatutzat eman badute ere, EHUko ikertzaileek beste analisi bat egitekotan daudela aurreratu zuten, errotuluen hizkuntzaren eta ondoren denda edo bulego horretan erabiltzen den hizkuntzaren artean dagoen erlazioa azter-tzeko. Hau da, euskarazko errotulazioa duten lekuetan ondoren harremana euskaraz ematen den edo bezeroak arduradunengana euskaraz jotzen duen aztertuko dute.

Bestalde, ikerketarekin ingelesak ere pisua hartu duela azken urteotan konturatu dira, bereziki bisitari gehien jasotzen dituzten auzoetan. Hala, Parte Zaharra, Erdialdea eta Grosen errotuluen %13 eta %16 artean erabiltzen dute ingelesa haien edukian.

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902