Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa Grupo Noticias

"Zahartzeko modu berri bat asmatu behar dugu"

"3 mariak"

eleberria kaleratu du arantxa urretabizkaiak

Hiru emakume zaharren istorioa kontatu du bestelako zahartzaroa posible dela erakusteko

juan g. andrés - Viernes, 19 de Noviembre de 2010 - Actualizado a las 04:38h

Galería Noticia

Donostia. Hiru emakume dira 3 Mariak (Erein) nobelaren pertsonaia nagusiak. Zaharrak dira eta hitz hori erabiltzen dute beraien artean, leungarririk gabe, ez hirugarren adin ez beste ezer. Protagonistak, Txuri izengoitikoak, 80 urte bete ditu eta 50 urteren ondoren, Gorri eta Handi haurtzaroko lagunekin topo egin du berriz. Zaharrak dira baina ez dute horregatik bizitzeko ilusio gutxiago.

Hamabi urteren ondoren, Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) eleberrira itzuli da lan honekin. Berez, kazetaritza du ogibide, eta denbora falta zaio fikzioa idazteko. Atzo esan zuenez, hauxe da bere "libururik autobiografikoena". Hori arraroa izan daiteke askorentzat, idazle donostiarrari 17 urte gelditzen zaizkiolako 80ra iristeko. Hark hala azaldu du: "Autobiografikoa da zahartzaroaren aurrean nire pertsonaiek duten jarrera bera edukitzea gustatuko litzaidakeelako".

Egileak oraindik ez daki asmatu duen nobelarekin, baina hasierako intentzioa honakoa zuen: "Ez nituen emakume zaharrak iraganari so eduki nahi denbora guztian. Zahar-tzen garenean, badirudi gaztaroari bueltak ematen eta ematen gelditzen garela". Estatistiken arabera, jubilatu ondoren 20 urte baino ez zaizkigu gelditzen, eta askotan badirudi denbora horretan guztian iraun besterik ez dugula. "Eta nik ez nituen nire emakumeak irauten bakarrik ikusi nahi", azaldu zuen Urretabizkaiak. Zahartzaroan ere gauza asko gertatzen direlako.

"Zahartzaroaren irudi tradizionala honakoa da: zahar bat aulki batean eserita, besteei aholkuak ematen, txapa sartzeko belarri bat noiz aurkituko. Hori zorionez desagertu da eta orain asmatu behar dugu zahartzeko modu berri bat", aldarrikatu zuen egileak. "Argi daukat nortasun agiriak ez duela nire bizitza gobernatzen, eta ez duela gobernatuko. Gauzak ez ditut adinaren arabera egiten, nahi dudalako baizik", gaineratu zuen.

"Gure belaunaldiak asmatu zuen gaztaroa dela bizitzaren gailurra. Ordura arte, pertsona helduak ziren bizitzaren gailurra. Orain tokatzen zaigu aldarrikatzea zaharrak modu askotan izan gaitezkeela", aipatu zuen. Berari, gainera, amorrua sortzen dio gazteago ematearren dagoen obsesioak eta, azken batean, aldaketa garaiak direlako konplikatuenak: umeak, gazte bihurtzen dira; gazteak, heldu eta helduak, zahar. "Hori da azken aldaketa eta zahartzaroa, nire aburuz, liberazio kutsu bat izan dezake", uste du.

Iñaki Aldekoa editorearen iritziz, horrelako libururik ez dago euskal literaturan. Idazlearen ustez, "zahar tradizionalak dira ohikoagoak, gertatutakoari bueltak ematen dizkiotenak". "Nire pertsonaiek gauzak gogoratzen dituzte tarteka, baina flashak dira. Beraiek aurrera begiratzen dute. Zaharrak badira ere, ez dira ergelak, eta jakin badakite etorkizuna ez dela oso luzea izango. Baina inork ez duenez etorkizun luzerik bermatuta, horretan ez dira hain ezberdinak", bukatu zuen.

las claves

· Datuak. Erein argitaletxeak kaleratu du 3 Mariak, 192 orrialdeko liburua. Salmentan dago 15,50 eurotan.

· Lehen orrialdea. "Nire nortasun agiriak dio Maria Alkain naizela, baina hemen gutxik lotzen du izen hori nirekin. Maritxuri naiz eskolan ezagutu nindutenentzat, Txuri askorentzat, edo la Txuri. Txuri, Hegaluxearena, arrantzaleentzat, nire gizona eta haren familiakoak Hegaluxe direlako, are gure semea, nik izengoitia sekula maite izan ez badut ere. Alferrik, gure mutila Hegaluxe izango baita betiko. Behintzat, gure jaioterrian eta arran-tzaleen artean. Nonbait, iruditzen zaie, izena aldatzen dizutenean, taldeak, herriak, zuregan duen boterea azpimarratzen dutela, eta hala da. Alferrik aukeratuko dute zure gurasoek izenik ederrena. Zure izena herriak erabakitakoa izango da, sekula santarako. Txikitan hiru lagun ginen eta hirurok Maria genuen izena. Horregatik deitzen zidaten niri Maritxuri, ile argia nuelako, eta Marigorri Gorriri, ilea garren kolorekoa zuelako. Hirugarrena beltzarana zen, ijito baten pareko, baina ez zioten Maribeltz esaten, Marihandi baizik. Guk ere onartu egin dugu tribuaren agintea eta gure artean horrela deitzen diogu elkarri, koloreen eta neurriaren arabera. Hiru Mariak, beti elkarrekin, beti elkarri josiak. Lehenik gerrak eta gero bizitzak banandu gintuen arte".

"Zahartzaroan nire pertsonaiek duten jarrera bera edukitzea gustatuko litzaidake"

Arantxa urretabizkaia

Idazlea

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902