Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa Grupo Noticias
aizpea goenaga etxepare institutuko zuzendaria

"Zerbait banekien, baina orain garbi ikusi dut zein ezdeusa den euskara gure mugetatik kanpo"

Aizpea Goenaga aktore, gidoilari eta zinemagileak Etxepare Institutu jaio berriaren ardura onartu zuen maia-tzean. Ordutik erruz egin du lan, hausnarketa saio luzeak izan ditu, hamaika buruhauste, baina erronka berriak ez du kikildu horretara ohituta dagoen donostiarra

Iñaki Mendizabal Elordi - Lunes, 18 de Octubre de 2010 - Actualizado a las 04:35h

Aizpea Goenagak gogo onez hartu du bere erronka berria; argazkian Etxepare Institutuak Donostian estreinatu duen egoitzaren kanpo aldean agertzen da.

Aizpea Goenaga, directora del Instituto Etxepare (Javi Colmenero)

Galería Noticia

Donostia. Dena dago zuri. Paretak zuri, mahaiak zuri, apalategiak, argiak, loreak, begiak zuri-zuri. Baina niniak puztuta, piztuta, beltz-beltz. Ilusioaren argiak habia egin du Etxepare Institutuan lan egiten ari direnen begi-zuloetan. Institutuaren estraineko egoitzan ilusioa da nagusi. Eta lana, sumendi gartzu baten antzera gora eta gora egin duena. Sei lagunen jardunak sostengatzen du sortu berria den Institutua, eta bere zeregina: euskara eta euskal kultura lau haizetara zabaltzea. Betiere Euskal Herriko mugetatik kanpo. Aizpea Goenagak gidatzen du txalupa, eta patroi trebearen moldean, argi dauka jarraitu beharreko arruta. "Gurea promozio lana da. Bitartekariak gara. Gurerik ez dugu salduko, ez dugu ezer saltzeko. Etxepare zer den, besterik ez".

Egitura finkatzen ari zarete oraindik. Noiz osatuko duzue talde osoa?

Datorren urterako. Hori bai, hemen ez daukagu egitura piramidal bat. Hemen egitura zirkularra planteatu nahi dugu eta bakoitzaren profila malgua izango da, gauza asko egin behar direlako momentuz.

Proiektuen hasierak beti izaten dira beroak eta eroak.

Medioak falta zaizkigu, baina astiro-astiro badatoz. Horrek, baina, sukaldeko lana egiteko balio digu, lan asko egiten gabiltzalako, kanporatzen ez den lana baina egin beharrekoa, oso garrantzitsua.

Egoitza aldatzeko asmoa dago, baita ere.

Hori ez dakigu noiz izango den. Epe ertainera, akaso. Tabakalerara joateko asmoa dago, bai. Momentuz sei pertsona gaude, baina gero beste horrenbeste etorriko dira. Beraz, leku hau txiki geratuko da.

Denetarik egin duzu azken urteotan eta badakizu erronka hitzak zer esan nahi duen, baina desafio honek ez dizu bertigorik sortzen?

Eskaini zidatenean asko pentsatu nuen, baina kultura munduan mugitu bazara beti bizi izan duzu kanpora ateratzearen zailtasuna. Zailtasun hori errazteko erakunde bat martxan jartzea eskaintzen badizute... Oso gertutik bizi izan duzun zerbaiti erantzuna emateko modu bat da. Baietz esan nien. Hori bai, epe baterako planteatu dut, gero nire lanera bueltatu nahi nuke.

Etxepare Institutua iaz sortu zen, baina ia-ia zerotik hasi zaretela esan daiteke, ezta?

Ez pentsa. Aurretik egiten ziren gauza batzuk. Badira diru-lagun-tzak, deialdiak, Irakurle Programak, baina dena sakabanatuta. Orain bateratzea tokatzen zaigu.

Orain arte hartu duzun konpromisorik zailena da?

Zailena ama izatea da (barreak), baina azkenean proiektu denak dira zure umeak, eta bakoitzak bere kostua dauka. Esaterako, antzerki obra batek daukan kostua emozionalagoa da, inplikazio emozional handiagoa eskatzen du. Honek, ostera, guztia nahasten du, alde emozioa ere bai.

Helburu nagusiak zein diren ikusita, harremanetarako institutu bat litzateke Etxepare, orduan?

Hori da. Gurea diplomazia kulturala da, ez besterik.

Institutuaren oinarriak ezartzen ari zarete orain?

Pausoak eman behar ditugu eta eman beharreko pauso horiek definitzen ari gara, bai, eta hori ez da erraza. Helburuak argi ditugu, baina helburu horietara heltzeko bideak zehaztu beharrean gaude. Gure hausnarketaren emaitza he-mendik hilabete pare batera ikusiko da. Bide bat ari gara diseinatzen.

Institutua bera promozionatzeko asmorik badago?

Jakina. Hemen jendeak jakin behar du Etxepare zer den eta guregana zertara jo dezakeen.

Eta kanpora begira?

Kanpora begira non egon behar dugun, non egon nahi dugun finkatu behar dugu. Non interesatzen zaigun egotea.

Diasporarekin harremanak sendotuko dituzue?

Ez, ez, hori ez da gure betebeharra. Kanpo Harremanetakoena da hori. Gure helburua ez dira Euskal Herritik kanpo dauden euskaldunak; gure helburua da Euskal Herritik kanpo dagoen jendeari ezagutaraztea euskal kultura eta euskara zer diren. Hau da, askoz ere zabalagoa da gure zeregina. Euskal Etxeetan eta munduan zehar dabiltzan euskaldunak erabiliko ditugu, bai, baina tranpolin bezala, gurea erakusteko, hedatzeko, ezagutarazteko. Gure laguntzaile zuzenenak dira.

Bizi dugun egoera politiko honetan, ez duzu Etxepareren jarduna politizatuta ikusteko beldurrik?

Legebiltzarreko talde guztien adostasunarekin egindako legeak onartu zuen Institutuaren sorrera eta horrek lasaitasun bat ematen dit. Hori bai, nire helburua da lanaren bitartez Etxepare Institutua politika arlotik kanpo dagoela erakustea, denon Institutua dela erakutsiz. Zorionez, nik mugitu behar dudan esparrua Euskaditik kanpokoa da. Gainera, inoiz ez dut politika aktiboan parte hartu eta ez zait gusta-tzen; sortzaile bezala ez dut uste nire buruak hor egon beharko lukeenik. Baina hau ez dut ikusten gauza politiko bat bezala. Kritikak egongo dira, baina saiatuko naiz ahalik eta pluralena izaten eta ahalik eta jenderik gehien batzen proiektu honen inguruan.

Beldurrik ez, beraz.

Beldurrak frenatu egiten zaitu eta hori ez da ona. Ezin dugu horri begira egon. Nondik etor litezkeen kritikak? Ni ezagutzen ez nauen jendearengandik akaso, gure lana ezagutzen ez dutenengandik akaso... Baina momentuz jende asko hurbildu da niregana laguntza eskain-tzen, eta prest daude lan egiteko. Hau gauza oso inportantea delako.

Mesfidatiren bat edo beste egongo da, ezta?

Begira, garbi eduki behar dugu hau ez dela bonbardatzeko proiektu bat, norbaitek hau bonbardeatzen badu denok izango gara kaltetuak. Oso arduragabea iruditzen zait hori. Eta badiot, ni ez naiz ari nire iri- tzia bestearenaren gainetik ezarri nahian. Bide bat hartu dut eta bide hori jorratzera nator, baina ateak zabalik ditut hurbildu nahi duen edonorentzat. Hori bai, nik planteatzen dudan proiektuan arrisku konponente handi bat dago.

Zein arrisku?

Orain markatuko ditudan lerroak nahi bezain biribil ez ateratzea. Hori da arriskua, baina asumituta dago.

Mundu akademikotik ez datorren pertsona bat aurkeratu dute, zu zeu. Horrek Etxepare Institutuari bestelako hauspo bat emango dio?

Gure errealitate kulturala oso ondo ezagutzen dut, neurri batean pairatu egin dudalako. Nire esku ez dago errealitate hori aldatzea, baina nire esku badago hemen dauden sortzaile on guztiei atea irekitzea. Horretarako oinarriak jarri behar dira, sendo, eta horretan ari gara.

Oinarriak jartzeko kanpoan orain arte zer egin den aztertuko zenuen.

Bai, ondo irakurri dut legeak dioena eta orain arte eginikoa errepasatu dut ere. Hori, gehi nik neuk ezagutzen nuena, kanpotik asko ibilitakoa bainaiz eta... Orain garbi ikusi dut zein ezdeusa den euskara gure mugetatik kanpo.

Hain larria al da egoera?

Basque aipatu eta jende askok ez daki zertaz ari zaren. Eta, askotan, Espainiarekin lotzen dute.

Guggenheim bai ezagutuko dute, behintzat.

Bai, baina badiot, gehienetan Espainiarekin lotzen gaituzte, ez daukate beste erreferentziarik. Guk Guggenheim erabiliko dugu, amu gisa, baina beste erreferentzia batzuk sortu behar ditugu.

Eta horretarako zein da erramintarik eraginkorrena?

Momentuz Irakurle Programa. Guztira mundu osoko 26 unibertsitatek dute euskaldunen bat Irakurle Programan sartuta. Nola funtzionatzen duen horrek? Bada, akordioak sinatzen ditugu unibertsitate bateko Hizkuntza departamentuarekin eta gero irakurle bat bidaltzen dugu; hau da, filologo bat edo euskara teknikari bat. Horrek jakinmina sortzen du bere inguruan, beste filologoen artean, ikasleen artean eta ikerlarien artean ere. Mundu akademiko horretan sortzen da ongarri hori. Epe luzerako lanak dira, baina beharrezkoak oso.

Euskararen ezagutza, ikerketa eta irakaskuntza dira Etxeparek hiz-kuntzarekiko hartu dituen ardurak. Nola gauzatuko dituzue helburu horiek?

Orain arte eginikoa mantenduz, bultzatuz, sakabanatuta dagoena batuz, baina guzti horri proiektu berriak gehituz. Esaterako, leku jakin bateko eskoletan egiten bada hizkuntza gutxituen zer edo zer, hor egon behar gara. Aitzindari izan behar dugu gauza askotan.

Ez gara aitzindariak?

Bai, bai. Hizkuntza gutxitu bezala aitzindariak gara. Pribilegiatuak gara, goi-goian gaudelako. Euskarazko prentsa daukagu, eskoletan euskaraz irakasten da... Frantzian bertan, bretoiak zelan daude? Edo Hego Ameriketan indigenak? Ho-rientzat guztientzat erreferente argia gara. Horregatik gure aberastasuna lau haizetara zabaldu behar dugu. Beti izan garelako horrelakoak.

"Horrelakoak"?

Bai. Beti pentsatu izan dugu isla bat izan garela, hemen galduta egon garela, Pirinioetan, baina alderantziz izan da, gu zubia izan gara. Oso ederra iruditzen zait zubiaren ideia hori. Gu zubia gara eta zubi horrek egin du posible hainbat kultura hemendik pasatu eta uztar-tzea. Denekin bizi izan gara, denetik jaso eta denei eman diegu.

Eman zenezake euskararen datu pozgarriren bat?

Hara, Xabi Payak bota didana oraintsu: erabiltzaileei dagokionez, Googleen euskara 40. lekuan dago. Izugarria da hori! Badaukagu zer saldu, ezta?

Baten batek esan dezake kanpoan saltzen ari garela etxean indartu barik dagoen "produktu" bat.

Nik uste dut hemen ere egiten ari direla lan hori, bestela ez ginateke egongo gauden lekuan. Badago zer hobetu, baina euskararen mesedetan bide luzea egin dugu azken urteotan. Hori bai, guk garai batean genuen euskararekiko konpromisoa, militantzia, instituzioen esku utzi genuen une jakin batean eta instituzioek ezin dute hori dena guztia asumitu. Ez dira arduradun bakarrak. Bideratu bai, bideratu behar dute. Euskara rekisito bihurtu dugu, baina ez hori bakarrik, konpromiso bat izan behar du, guztion konpromisoa. Normalizazioaren olatuak dira, baina nik uste dut etorriko dela beste olatu bat non esan beharko dugun: ño, hemen lan guztia ez digute goitik egingo!

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902