Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa Grupo Noticias
ander iturriotz Euskal idazleen elkarteko zuzendaria

"Haur besoetakoa" pedofiliarekin lotuaz baztertzea aberrazio bat iruditzen zait"

Ander Iturriotz Lauzirika (Ordizia, 1961) Soziologian doktorea eta EHUko Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea da. Mirande Joxe Azurmendiren bitartez aztertu du, eta Bilbo Zaharra forumean Bernardo Atxagak egilearen inguruan esandakoekin kritiko agertu da

o. Aranzabal - Sábado, 28 de Agosto de 2010 - Actualizado a las 04:30h

Galería Noticia

Donostia. Nor da Jon Mirande?

Iturri gutxi dauzkat nor zen jakiteko. Joxe Azurmendik egindako saiakerak irakurri ditut eta Txomin Peillenek han eta hemen esandakoak aditu ere bai. Horrez gain, geratzen dena soilik literatura da eta nire iritzitan Jon Mirandek asko eman dio euskal literaturari. Izugarrizko erreferentzia izan zen duela 30 urte eta, esan dezagun, Atxagarekin batera, hasierako Atxagarekin batera, literatura modernoaren erakusgarri bat dela. Oso pertsonaia eta idazle hauskorra izan zen, estilo berria zuena, freskoa. Idazkera filosofikoa zuen, oso ironikoa zen, zinikoa esango nuke; eta hortik aurrera, bere pertsonaia oso politikoa agertu da beti, batez ere Haur besoetakoa argitaratu zuenetik. Hor bi klabe daude, bata bere ideologia politikoa. Asko kritikatu izan da, bera oso eskuindarra eta, esaten denez, nazien zalea zelako. Hau erabili da bere obra guztia baztertzeko eta balio gabe uzteko. Garai hartan mendebalde osoan bazegoen krisi kultural eta ideologiko bat Spenglerrek bere Decadencia de occidente liburuan bikainki erakusten duena. Ikuspegi honetatik sortzen da Europa garbitzeko eta krisitik ateratzeko mugimendu sakon bat. Batez ere eskuineko jendeak babestu zuena, nazismoarekin lotzen dena. Baina ezkerreko jendeak ere jarraitu zuen ildo hori. Gizon berriaren bila zebilen Europa osoa, eta Jon Mirande ere bai.

Akaso abertzaletasunaren hirugarren adar bezala uler daiteke?

Nik ez dakit hirugarrena den ala lehena. Oso abertzalea zen, eta aber-tzaletasun hori bizi zuen, krisian erori zen herri baten berpizkunde bezala. Bere ekarri guztiak lotzen dira euskal arrazarekin, eta egia esan, arrazarekin baino gehiago euskal kulturarekin, hizkuntzarekin eta euskal ohiturekin. Bide horretatik pertsonaia mitologikoak ekarri zituen indar handiz bere ida-tzietara. Euskaldunon izaera zahar hori berpiztu nahi du, euskal kultura berpiztu, eta biolentziarekin flirteatzen du bide horretan. Garai hartan Europa osoan unibertsala zen tendentzia bezala ulertu behar dugu hori. Bai eskuindarrek bai ezkertiarrek aldaketarako bide eraginkorrena bezala ikusten baitzuten bortizkeria.

Moral kristauaren aurkako jarrera irmoa erakusten du bere lanetan.

Bai, zentzu horretan oso Nietzscheanoa da. Nietzschek esan zuen moral kristaua moral erlatibo bat dela. Ez dagoela moral unibertsal bat eta guretzat unibertsala den moral kristauaz gain beste moral asko daudela. Bere azterketa filosofikoetan grekoenganaino iristen da. Historikoki, herrialde ezberdinetan, ongia eta gaizkiari buruz ikuspegi ezberdinak daudela oroitzen digu; esaterako biolentzia aipatuz, kultura homerikoan, kultura gerreroetan eta orain ere kultura irlandar guztian dagoen ikuspegi ezberdinak adibide gisa jarriz. Eta Nietzschek uste zuen bezala, Mirandek ere uste zuen moral kristaua jopuen edo es-klabuen morala zela, hain zuzen boterearen statu quoa mantentzen laguntzen zuena.

Euskaltzain izaten ez zioten utzi, zokoratua izan zen.

Nik esango nuke, Euskaltzaindiaz gain, euskal intelligentsian sartzeko adina meritu zuela. Baina sekulako kritikak jaso zituen eta alboratua izan zen, baztertua. Gaur egun ere entzun dizkiot halako kritika ba-tzuk, nire iritzitan oso xinpleak, jende bati.

Nortaz ari zara?

Ez dut izenik aipatuko, baina duela ez asko Bilbon egin ziren Haur besoetakoa liburuaren irakurketetan baten batek nahiko adierazpen gogorrak egin zituen esanaz, Mirandek ez zuela ezer ekarri euskal literaturara. Ideologikoki gustatuko zaigun ala ez kontuan izan gabe, nik uste dut Mirandek asko ekarri zuela literarioki. Edukia pedofiliarekin lotuaz, Haur besoetakoa bezalako liburu bat errefusatzea, eta atzean dituen balio literario, kultural eta filosofikoak baztertzea, aberrazio bat iruditzen zait. Liburu bat pedofiliarekin lotzea arrazoia bada liburu bat literarioki deskalifikatzeko… Kultura greko klasiko guztia pedofiloa zen, hori guztia ere baztertu behar ote dugu? Mirandek nire iri-tzitan gai hori aztertzen du, moral judeo-kristaua goitik behera kritikatzeko. Aitzakia pixka bat fuertea da, baina nik uste ezin garela soilik horretan geratu.

Bestelako zer balore ditu liburuak?

Ahalegin pedagogiko bat du. Oso bitxia da, baina, istorioko gizonak neska gaztea bere maitale gisa nahi du, ez dakigu oso ongi neskak ere maite duen ala ez… Hor badago beste ukitu ilun xamar bat, ez baitakigu neska gazte honek baimendu egiten dituen ala ez gizonarekin dituen harremanak. Horrez gain Theresa hau irakurtzen ari da eta hori erabiliz autoreak planteatzen du ahalegin pedagogiko bat. Kuriosoa da, zeren ahalegin pedagogiko horrekin, kultura klasiko bati buruz ari da hitz egiten. Hain zuzen ere, modernitateak instituzionalizatu eta teknifikatu duen heziketa sistema bat ari da kritikatzen. Protagonistek, biek batera, musika aditzen dute, Theresak grekoa eta latina ikasi dezan nahi du gizonak. Horrelako gai asko dauzka, baina gai horien tratamendua nire ustez oso indartsua eta esanguratsua da. Gainera erabiltzen duen finezia, daukan gauzak esateko sakontasuna, izugarria da. Kultura klasikoaz ikaragarri zekien gizona zen Mirande. Eta aipatutako guztia ezin da zapuztu, garai hartan zapuztu zen bezala eta egun ere entzun dudan bezala; bakar bakarrik Haur besoetakoaren gai nagusia nerabe baten eta gizon heldu baten arteko harremana delako.

las claves

"Gaur egun ere entzun ditut jende baten ahotatik Miranderi egindako kritikak, nire ustez oso sinpleak"

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902