Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa Grupo Noticias
Miren Polo eta Iñaki Goikoetxea Betti Gotti Euskara Kultur Taldeko kideak

"Iazko esperientziak Irungo jaietan koadrilen bazkari bat faltan botatzen zela erakutsi zuen"

Atzo ekin zion Betti Gotti Euskara Kultur Taldeak datorren ekainaren 26an antolatuko duen Irungo jaietako koadrilen bazkarirako txartelak saltzean. Miren Polo (23 urte) eta Iñaki Goikoetxea (24), ekitaldi hau antolatuko duen taldeko beste askoren arteko bi kide dira

Xabier Sagarzazu - Sábado, 29 de Mayo de 2010 - Actualizado a las 11:05h

Galería Noticia

Irun. Miren Polok Kriminologia ikasten du eta Iñaki Goikoetxea kazetaria da, baina lana eta ikasketez aparte, biek denbora egiten diote Betti Gotti Euskara Kultur Taldeari. "Jende gaztea gara taldean, ikasleak gehienak, eta ez dugu inork honetarako berezko dedikaziorik", esaten dute biek.

Zer da Betti Gotti eta noiz eta zein helbururekin sortu zen?

Betti Gotti Euskara Kultur Taldea 2004. urtean sortu zuen Irun eta Hondarribiko gazte talde batek, eskualdean euskarazko udalekuen falta sumatzen zen momentu batetan. Ordutik hona, 80 lagundik gora pasa gara elkartetik eta urtero udaleku eskaintza egiten dugu, Arabako Zuhatza irlan.

Nola hasi zineten sanmartzialetako bazkaria antolatzeko lanetan eta zergatik?

Iazko urtera arte, bost urte egin genituen Irungo Udala koadrilen bazkaria egiteaz konbentzitu nahian. Bitartean, duela hiru bat urte ere, San Pedro egunean gosari herrikoia antolatu genuen jaietan. Eta azkenean, iaz, Udalaren ezinbesteko laguntzarekin, Uranzu frontoian egin genuen koadrilen bazkaria. Gure helburua, jaietan giroa eta animazioa sortzearekin batera, elkarteak egiten dituen udalekuentzat eta beste ekimenetarako errekurtsoak biltzea da. Baina ez gara profesionalak eta momentuz, udalekuek nahikoa lan ematen digute. Aurten, bi txandatan joango gara Zuhatzara, abuztuan.

Iazko bazkarian 600 lagundik gora biltzea lortu zenuten. Espero al zenuten halako arrakasta?

Gure ustez, jendearen artean, gazteengan bereziki, bazegoen jaietan koadrilen bazkaria egiteko grina eta gogoa. Ikusi besterik ez dago inguruko edozein herritan, Hondarribian irailaren 10ean egiten den an-tzera edo ia jai guztietan, koadrilen egun bat egon ohi dela. Iaz, 500 lagun elkartzeko topea jarri genuen eta aurreikuspenak gainditu genituen. Topea 600 lagunetara igota ere, kalean gelditu zen jendea. Esperientzia horrek argi erakutsi zuen Irungo jaietan koadrilen bazkaria faltan botatzen zutela askok.

Aurten bigarren bazkaria antolatuko duzue ekainaren 26ean eta nobedade deigarria leku aldaketa da, Ficoba erakustazokan egingo baita. Zergatik leku aldaketa hau eta zer espero duzue? Erantzungo al du jendeak ohiko jai gunetik urrunago dagoen lekuan bazkaltzera joateko?

Egia da Uranzu frontoia Alde Zaharrean bertan dagoela, Urdanibia plazako txosnetatik bi pausora eta betidanik jaien lekua izan dela hau. Udalak kirol ekintzak ez direnetarako frontoiaren erabilpena muga-tzeko neurriak hartu ditu, araudiaren zenbait aldaketarekin, eta segurtasuna ere tartean da. Gainera, aurten 700 lagun bildu nahi ditugu eta justu sartuko ginateke. Ficobako aldaketa emanda etorri zaigu, baina leku honek ere baditu bere abantailak: zabalagoa da, dantzarako eta mahaientzako leku askorekin, eszenatokia ere handiagoa izango dugu. Jendea etorriko al da? Konfiantza osoa daukagu horretan. Kalejira edo egingo dugu Urdanibiako ingurutik Ficobara joateko.

Leku aldaketaz aparte, Koadrilen Olinpiada egingo duzue eta iazko kamiseten lehiaketa ere bai. Nolakoak izango dira ekitaldi hauek?

Iazkoa lehenengo aldia zen eta bazkaria antolatzeak lan handia suposatzen du; ez egun horretan bakarrik, baizik eta aurretik egin behar den guztiagatik ere bai. Kamiseten lehiaketa burutapen moduko bat izan zen, bazkariari giroa emateko edo, eta harritzeko moduko arrakasta izan zuen. Aurten beste pauso bat eman dugu, koadrilen bazkaria Koadrilen Eguna bihur-tzeko bide horretan, eta ekainaren 26ko goiz horretan Olinpiada egingo dugu, 20 talderentzako joko herrikoiak antolatuaz. Ikusiko dugu erantzuna nolakoa den.

Gazte askok bazkarira joateko irrika izango dute aurten. Ba al dago, hala ere, parte hartu nahiko duten koadrilentzako adin mugarik?

Bazkarian izena emateko muga bakarra 18 urtetik gorakoa izatea da eta adin guztietako koadrilek parte hartu dezakete, berdin du 20, 30 edo 60 urte izateak. Iaz, Betti Gottiko kideren baten gurasoen koadrilaren bat eta bazkaltzera etorri zen eta primeran pasa zuten denek. Helburua hori da, jendea elkartzea eta eguna giro onean pasatzea.

Aurten, gainera, bazkariaren prezioa euro bat igo duzue, 16tik 17ra. Euro hori Taupadak GKEaren proiektuetara bideratuko duzue. Zergatik egin duzue hau?

Jaia eta elkartasuna batzea oso egokia iruditzen zaigu. Gainera, Taupadak Gobernuz Kanpoko Erakundearen lana aski ezaguna da Irunen eta eskualde osoan, bertan sortutakoa da. Bilduko dugun diru estra hori Bolivian egiten den lan horretara joango da. Gainera, Betti Gottiren senean ere honelako lana egiten dugu. Urtero, udalekuetan sobratu zaigun materiala GKEren bati emateko ohitura daukagu.

las claves

"Bazkarira joateko betebehar bakarra 18 urte izatea da; adin guztietako koadrilek parte har dezakete"

"Errespetu pixka bat ematen du Uranzutik Ficobara aldatzeak, baina giroa ederra izango dela ziur gaude"

Gipuzkoatzen

· Gogokoen duzuen Gipuzkoako txokoa: Legorretako Legorretazar baserria, nire amonaren sorlekua da eta txikitako oroitzapen asko ekartzen dizkit burura. Oraindik ere urtean behin behintzat joan ohi da Iñaki. Mirenen toki gogokoena Hondarribiko Paradorea, kafetxo bat hartzeko eta solasean lasai ibiltzeko leku zoragarria iruditzen zaio. Maiz joaten da hara bere lagunekin batera.

· Paisaia bat: Aiako Harria, egunero etxetik ikusten dudan ikuspegi zoragarria (Miren). Hondarribiko Antso III.aren monumentutik ikusten dena, hara eraman ohi dut kanpotik bisitan datorkidan edonor (Iñaki).

· Mendia: Aizkorri, bere altueragatik eta daukan paisaia zoragarriarengatik (Iñaki). Aiako Harria, txikitatik hara askotan igo izan naiz (Miren).

· Hondartza: Zarautzeko hondartza da burura datorkidan lehenengoa, gustura egoten naiz beti han (Miren). Jaizkibelen dauden senaia ugari horietako bat aukeratuko nuke, bere ur gardenengatik, lasaitasunarengatik eta bertan dagoen bakardadearengatik (Iñaki).

· Jaia: Irungo Sanmartzialak, etxekoak eta gureak ditugu (Mirenek eta Iñakik, batera).

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902