Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa Grupo Noticias
Bertako gaia

Itsasondoko poeta

Gerra aurreko urteak oparoak izan ziren euskal olerkigintzarentzat. Gurutz Sarasola "Lotsati" poeta itsasondoarra ere garai hartan bizi izan zen. Igandean bere omenezko hainbat ekitaldi izango dira Itsasondon.

Testua

Asier Zaldua

argazkiak

Utzitakoak

Jueves, 29 de Abril de 2010 - Actualizado a las 07:40h

Galería Noticia

GERRA aurreko urteak oparoak izan ziren euskal poesiarentzat. Garai hartakoak dira poeta handienetako batzuk. Ezagunenak Jose Ariztimuño Aitzol, Jose Mari Agirre Lizardi, Esteban Urkiaga Lauaxeta eta Nikolas Ormaetxea Orixe dira; baina beste batzuk ere izan ziren. Tartean, Gurutz Sarasola Martinez Lotsati itsasondoarra. Goierritarraren ezizena poeta batentzat ezin aproposagoa zen eta bere heriotza ere poeta bati dagokion modukoa izan zen: bere buruaz beste egin zuen 20 urterekin. Igandean hainbat ekitaldi izango dira Itsasondon, bere jaio-tzaren 95. urteurrena dela eta.

Omenaldi hau bere ondorengoek antolatu dute. Jon Gurutz Olaskoaga ilobak azaldu ditu arrazoiak. "1975ean bere poesia berezia zela aipatu zen. Koldo Mitxelenak, adibidez, jakin-mina azaldu zuen. El Día egunkarian argitaratu zituen lanak jaso nituen eta ordutik bere ospea handitu egin da. Hori dela eta, berandu izan arren, omenaldia egitea erabaki dugu. Itsasondoko hilerrian eta bere jaiotetxean oroitarriak jarriko dira, besteak beste. Gainera, Alvaro Rabellik berari buruzko liburua idatzi du".

itsasondoar petoak

Aita herriko alkate

Itsasondoko Udalak begi onez ikusi du ekimena. "Udalarekin harreman ona dugu. Dantzaria eta txistularia jarri behar ditu, hamaiketakoa eskaini behar du… Oroitarria eurek jartzea eskaini ziguten eta azkenean eurek bat jarriko dute eta guk beste bat".

Ekitaldietan Lotsatiren hiru anaia-arreba izango dira. Jon Gurutz Olaskoagak bere osabari buruz dakizkienak beraiei eta etxeko gainontzekoei entzundakoak dira. "Irakurtzea, idaztea eta hizkuntzak ikastea gustatzen zi-tzaion. Maitekorra, isila, zintzoa, jatorra eta apala zela ere esaten dute. Bederatzi anaia-arrebetan bigarrena zenez eta oso gazte hil zenez, bizi diren anaia-arrebek ez dute askoz ere gehiago gogoratzen beretaz. Hutsunea utzi zuen, noski".

Bere bizitza eta obra jasota gera dadin, familiak liburua argitara-tzea erabaki zuen. Horretarako, Alvaro Rabellirekin jarri ziren harremanetan. "Lagun batzuek Euskal Herriko Unibertsitatean euskal idazleen inguruko ikerketa lanak egiten dituen talde bat dagoela esan zidaten eta eurengana jo genuen. Rabelliri gaia interesgarria iruditu zitzaion eta genuen guztia eman genion: argazkiak, elkarrizketak eta babesa". Liburua udazkenean aurkeztuko da, Itsasondon bertan.

Izan ere, Sarasola familia bertakoa da eta omenduaren anaia bat bertan bizi da. Lotsatiren aita abertzalea zen eta Errepublika garaian herriko alkatea izan zen. "Frankistak sartu zirenean familiak, beldurrez, Gurutzen liburutegia eta lanak erre zituen. Hori dela eta, 25 poesia bakarrik azaldu dira: argitaratuta zeudenak", dio poetaren ilobak.

Lan horietako batzuk Rabellik aurkitu ditu eta ondorioren bat edo beste ere atera du. Sarasola sendia Donostiara joan zen bizi-tzera seme-alabei goi-mailako ikasketak eman ahal izateko eta euren eraikin berean Jose Ariztimuño Aitzol bizi zen. Rabelliren ustez, Aitzolen bitartez hasi zen Lotsati El Día egunkarian bere poesiak argitaratzen.

Rabelli kritikaria da eta bere lantaldea euskal literaturaren hiztegia egiten ari da, baina idazleak Sarasola familiaren deia jaso zuenean izan zuen lehenengoz Lotsatiren berri. Nahiz eta berari buruzko informazio gutxi zegoen, lanari heltzea erabaki zuen. "Bere garaian Ibon Sarasolak, Jon Aranok eta Xabier Mendigurenek Lotsatiri buruz idatzi zuten. Idatzi horiek eta bere figurak erakarri egin ninduten. Izan ere, idazle madarikatua izan zitekeela eta bere lana garaiko gainontzekoenaren ezberdina zela aipatu izan da. Gainera, suizidioaren kontua euskal literaturan ez ohikoa da. Esaten zen hori guztia egia zen edo ez jakin nahi nuen".

Horretarako, hasteko, Lotsatik egindako lana berreskuratzen saiatu zen. "20 olerki ezagunak ziren, baina berari buruzko biografia batean 27 olerki egin zituela aipatzen da. Bila aritu nintzen eta, ezagutzen genituen 20az gain, bost aurkitu nituen. Bere garaiko argitalpenetan topatu nituen: Euzkadi, Zeruko Argia eta Ekin aldizkarietan".

Bere lanak irakurri ondoren, Alvaro Rabelli Ibon Sarasolarekin bat dator. "Sarasolari bere olerkiak deigarriak iruditu zitzaizkion, Errepublika garaiko olerkigintzatik aparteko hainbat ezaugarri bai-tzituzten. Alde batetik, ideologiari buruzko olerkiak egiten zituen: Euskal Herriari idazten zion. Idazle abertzalea zen, goitik behera. Bestetik, erlijioa ere jorratzen zuen. Bukatzeko, eta hau da besteengandik bereizten zuena, maitasunari buruz idazten zuenean desamodioari kantatzen zion. Minbera zen eta minetik idazten zuen. Bere barne mina ateratzeko idazten zuen".

Bestalde, urte gutxitan garapen handia izan zuen. "Gaiari, hizkerari, olerkiaren tratamenduari… dagokienez, bilakaera izan zuen. Hasiberria zen eta ikasten ari zen, baina amaierako lanak hasierakoak baino hobeak dira". Idazleak poetaren izaera eta bizitza ere aztertu ditu. "Goierriko familia burges batean jaio zen. Abertzalea zen eta euskal kulturari emana. Prestakuntza handia zuen: frantses literatura ikasi zuen eta horrek bere lanean eragina izan zuen. Bestalde, antzerki zalea zen eta etxekoentzat antzezlanak prestatzen zituen".

Suizidioaren arrazoiari buruz hitz egitera ere ausartu da. "Ezagutu zutenek gazte sentibera, isila eta barnerakoia zela esaten dute. Ba-tzuek amodio kontuengatik suizidatu zela esan izan dute, baina nik ez dut hori uste. Poemetan azaltzen diren kontuak asmatutakoak dira. Etxe oneko seme bati inork ezezkoa ematea arraroa da".

Beharbada, bere izaerak eragindako zailtasunek eraman zuten bere buruaz beste egitera. 1936ko martxoaren 22an Donostiako burdinazko zubian trenari bota zi-tzaion. Rabelliren ustez poesia munduan etorkizun oparoa zuen. "Ez zen Lauaxeta edo Lizardiren parekoa izango, baina bai gogotsua. Dena den, beste batzuei gertatu zi-tzaien bezala, gerrak bere ibilbidea errotik etengo zuen", amaitu du.

Bizitza

· 11.30. Hilerriko oroitarria agerian jarriko da, Imanol Sarasolak hitz egingo du eta Agur Jaunak abestuko da.

· 12.30. Sarasola Eneako oroitarria agerian jarriko da, Aurreskua dantzatuko da eta Danel Etxeberria Kultura zinegotziak, Alvaro Rabellik eta Kelmen Sarasolak hitz egingo dute.

· 13.00. Itsasondoko Udalak janaurrekoa eskainiko du Sarasola Enean bertan.

· 14.00. Sarasola sendiak bazkaria eskainiko du Náutico jatetxean.

25

· Poema kopurua. Alvaro Rabellik Gurutz Sarasolaren 25 poema jaso ditu bere liburuan. 20 idazlearen ilobak bildu zituen eta gainontzeko bostak Rabellik berak aurkitu ditu.

· Jaio. Lotsati 1915eko maiatzaren 3an jaio zen Itsasondon.

· Familia. Aita enpresaria zen eta zortzi anaia-arreba zituen.

· Ikasketak. Donostian ikasi zuen eta bertan Aitzol ezagutu zuen.

· Heriotza. 1936ko martxoaren 22an hil zen, Donostian.

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902