Publicidad
[Entrar | Registrarse]
"Atzera pausorik ez, mantsoaldirik ez; txirrindulariak pedalei emateari uzten badio, erori egiten da". Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuorde ohiak euskararen izaziorako bidean politika publiko aktiboen beharra aldarrikatzen du 'Babeli gorazarre' (Alberdania) saiakera liburuan
A. Zabaleta - Martes, 13 de Abril de 2010 - Actualizado a las 07:48h.
votos
comentarios
compartir (¿qué es esto?)
Patxi Baztarrika, atzo, Donostian "Babeli gorazarre" liburuarekin. (R.P.)
Vista:
Donostia. Gizarte kohesioan oinarritutako hizkuntz aniztasunari egiten dio gorazarre Baztarrikak Ibarretxeren Gobernua utzi ondoren idatzitako lan honetan, "bedeinkazioa" baita. Eta guztion aberastasun den pluraltasun hori mantentzeko eta bizikidetzarako hizkuntz politika zilegi eta eraginkorrak beharrezkoak direla dio, ez bakarrik tokian tokiko instituzioetan, baita estatuetan eta Europa mailan ere, "auzia globala baita".
Europak eta Espainiak hizkuntz politikak behar dituztela diozu liburuan, hizkuntz eskubideen adierazpen bat egitea ere proposatzen duzu.
Europar Batasunak estatuen esku uzten du hizkuntz politika, eta estatuek uste dute horiek tokian tokiko erakundeen kontuak direla. Baina Espainiako Estatuak esan beharko luke dituen hizkuntzak bultzatu nahi dituen ala ez, politika propioa beharko luke. Azkenean, hizkuntza politikarik eza ere hizkuntza politika da, baina beti hegemonikoa denaren aldekoa.
Tokian tokiko erakundeek egiten dutenari oinarri bat emango lioke horrek Europan?
Baita ere. Eta Espainiaren kasuan orain eztabaidatzen ari diren Pacto social político para la educación delakoa aukera bat da horretarako. Hor diote helburua dela ikasleek frantsesa, alemana eta ingelesa ikastea. Baina Espainiako hizkuntzak ez daude. Horregatik hor daukate aukera orain multilinguismoa bultzatzeko, hori helburu bezala sartzeko. Cadizeko mutil batentzat Erromako batentzat bezain arrotz dira euskara, galegoa eta katalana. Ez dut esaten hizkun-tza horiek Espainiako hezkuntza sisteman maila batera arte ikasi behar dituztenik, baina bai oinarrizko ezagutza bat eman daitekeela, minimo bat, horrela bakarrik maitatu daitekeelako hizkuntz aniztasuna.
Hizkuntza guztion aberastasuna dela diozu. EAEko politikei dagokienez, euskaraz ez dakitenak hizkuntzara gerturatzea lortu dela uste duzu?
Euskarak lagun asko ditu. Momentu honetan, EAEko azken 25 urteko datuak hartuz gero, 130.000 biztanle gutxiago daude, 100.000 etorkin gehiago. Eta 325.000 elebidun gehiago. Miquel Gros i Llados soziologo katalanak dio euskararena dela mundu osoan eman den hizkuntz berreskuratze prozesurik aurreratuena, 20 urtean urtero lortu duelako ezagutza puntu erdi igotzea. Urte hauetan euskaldunberriak atera dira euskaltegietatik, 40.000 ikasle ari dira urtero heldu garaian euskara ikasten. Herritarrek atxikimendu bat izan dutelako gertatzen da hori guztia. Hezkuntza sistemara begiratuta, A, B eta D ereduen bilakaera gurasoen erabakiengatik bakarrik izan da izan dena, euskaraz ez dakiten guraso askok erabaki baitute euskara gehiago dagoen hezkuntz ereduetara bidaltzea seme-alabak, haiek ez jakin arren bihar euskal gizartea gaur den baino elebidunagoa izatea nahi dutelako. Horiek guztiak euskararen lagunak direlako eta konpromiso instituzional bikain bat dagoelako eman da EAEn eman den aurrerakada, eta hori urrutira jo gabe Nafarroan eta Iparraldean gertatutakoarekin alderatzen badugu, begien bistan dago.
Arriskurik badago atzera egiteko?
Nik uste dut ez dela nahikoa egin dena etorkizunari begira mundu globalizatu honetan. Orain arte izan dugun elebitasuna gero eta gehiago izango da gazte belaunaldietan hiruelekoa. Testuinguru horretan gurea bezalako hizkuntza batek, Mitxelenak esango lukeen bezala, bizirauteko eta hazteko behar besteko lekua edukiko baldin badu, oraindik lagun gehiago eta handiagoak behar ditu. Eta horretarako ezinbestekoa da politika publiko aktiboak izatea, hizkuntza politikan sekula atzera ez egitea, mantsoaldirik ez egotea. Aurrera egin behar da etengabe: txirrindulariak bizikletan pedalari emateari uzten badio, erori egiten da, eta hemen berdin gertatzen da. Guztietan klabea herritarren atxikimendua izango da, haien hizkuntzarekiko leialtasuna guztiaren gainetik. Hori elikatu behar da, adostasun sozial eta politiko ahalik eta handiena lortu behar da helburu horien atzetik.
Atzera egin edo mantsotu al da hizkuntza politika EAEko Gobernu berriarekin azken urtean?
Hainbat jardueratan mantsotzea egon dela bistakoa da. Zergatik eta zertarakotan ez noa sartzera, nahiago baitut etorkizunera begiratu ikuspegi positiboarekin, denak bide berean lan egiten jarriko dituen ikuspegi horrekin (Euskara XXI eztabaida prozesuaren ondoren lortutako adostasunen ildotik).
Eta gizarteari dagokionez, atzera pausorik edo nolabaiteko erlaxazio unerik somatzen al duzu egun?
Ez dut uste erlaxatuta dagoenik. Hiztunak behar ditu hizkuntzak, ez salbatzaileak. Erabili ahal izatetik erabili nahi izatera jauzia emateko aukerak eman behar zaizkie. Erabiltzeko aukerak gero eta gehiago dira, baina esparru pribatuan ez da lehen baino askoz gehiago erabiltzen, publikoan bai. Atxikimendu aktiboa bultzatzea behar-beharrezkoa da, jendeari argi eta garbi esan behar zaio etorkizuna herritarren esku dagoela, ez gobernu baten horren esku. Lagundu nahi duzu? Erabil ezazu.
Militantzia behar du euskarak?
Pedagogia soziala deitzen diot. Esan behar da dakitenen kasuan erabiltzearen esku dagoela hizkuntzaren etorkizuna, eta euskaraz ez dakitenen kasuan euskarara hurbiltzearen esku. Haiek ere pauso bat eman behar dute gutxienez elebidun pasibo izateraino.

Gracias por su comentario
¡Hecho!

Recibirás un e-mail para confirmar tu registro.
Enseguida te devolvemos a la página en la que estabas donde verás tu comentario publicado
Nueva campaña de prevención de accidentes de tráfico para 15.000 jóvenes vascos
Cuatro detenidos y desarticulada una red de tráfico de drogas en Gipuzkoa
Detenido por robar 34 motosierras en Zestoa y buscan a otros dos implicados
La mortalidad temprana es un 88% mayor entre las personas sin titulación académica
Herido el conductor de una furgoneta al caerse al río Deba en Soraluze