Publicidad
[Entrar | Registrarse]
Azken hamabi urteotan bezala, erretiroa hartzear dagoenean ere kritikoa da Mendiguren egungo hizkuntza politikekin. Lortutakoa ukatu gabe, oraindik egoera hauskorra dela eta atzera egiteko arriskua egon badagoela gogoratu nahi die herritarrei. "Lanean segitu behar dugu nekatu gabe"
arantzazu zabaleta - Domingo, 7 de Marzo de 2010 - Actualizado a las 10:45h.
votos
comentarios
compartir (¿qué es esto?)
Vista:
andoain. "Amets bat litzateke Kontseiluan lanik gabe geratzea euskararen erabilera jada normaldu delako, albisterik onena". Ordurako, ordea, oraindik urte batzuk geratzen direla eta, hemendik aurrerako bidearekin jarraitzeko Paul Bilbaori utziko dio Kontseiluko idazkaritzako lekukoa Xabier Mendigurenek. Hori baino lehen, atzera begiratzeko tartea hartu du, hamabi urteetako ibilbidea errepasatzeko.
Kontseiluko urte hauetako zein balorazio egingo zenuke?
Balorazioa ona egiten dut orohar: hazi egin gara, hiru izatetik 30 izatera pasatu gara, eta bi tresna inportante sortu ditugu, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Bai Euskarari ziurtagiria. Udalerri mailan lana egiten ari gara eta ordenantza eredugarria ere sortu dugu: lau tiporen arabera, euskararen ezagutzaren mailaren arabera, udalerrietan egin daitezkeen planteamendu eta hizkuntza politiken inguruan, hainbat neurri eta pauso proposatzen ditugu. Neurketetan ikusi genituen gabeziak betetzen joateko tresna garrantzi-tsua da.
Instituzioekin elkarlana nolakoa izan da?
Lana egin dugu udalerriekin, diputazioekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Beti ez dugu lortu nahi genuen lankidetza puntua, eta horretan lan egiten jarraitu beharko dugu, batez ere proiektu askotan bide desberdinetatik ez ibiltzeko. Behatokia edo ziurtagiria dela, bikoizketak gainditu behar ditugu eta horretarako gure aldetik badago negoziatzeko prestutasuna. Izan ere, bakoitza bere aldetik joanda, ez dugu sekula lortuko euskarak behar duen aurreratze maila eta normalizazioa. Nazioartean egin dugun lana ere aipatzekoa da. Baina momentu txarrak ere izan ditugu.
Zeintzuk?
Bereziki aipatu nahi dut Egunkariaren itxiera, eta horren ondorioz manifestaldi garrantzitsu hura bideratu genuen. Hor egotea, eta ondorengo asteetan egunkari berria sortzeko lanetan... Hor nabarmendu zen gure presentzia. Zazpi urte luze eta nekagarri hauen ondoren absoluzioarekin eta, ahal bada, egin den kaltea ordaintzeko saioarekin erretira-tzea ona litzateke, hori ikusi ahal izatea hemen egonda.
Une onak ere gogoratuko dituzu.
Poz handiko momentuak ere izan dira. Gizarte eragileek izan duten laguntza azpimarratu nahiko nuke, eta hasieran enpresek eman zigutela diru-laguntza nagusia, bazkideenaz aparte. Azkenaldian krisia dela eta murriztu egin da enpresa mundutik datorrena, baina instituzioetatik areagotu zaizkigu laguntzak eta hori ere eskertzekoa da. Baliabide propioak ere garatu ditugu, Euskal Tonbola bezala.
Hasieran jarritako helburuak bete dituzuela esan daiteke?
Ez dugu lortu normalizazioa bere osotasunean, bagenekien ez genuela lortuko urte gutxitan. Baina oinarri batzuk jarri ditugu, tresna batzuk sortu ditugu eta eskarmentua metatu dugu lanean jarrai-tzeko. Hor jarraituko dugu behar den denbora guztian. Kontseiluaren hasierako euskalgintzaren egoera eta gaurkoa desberdina da, kohesio bat eta erreferentzialtasun bat lortu ditugu, eta hori jada garrantzitsua iruditzen zaigu, elkarrekin horrelako proiektu bat bultzatu izana.
Lema aldaketa ere egin duzue.
Hasieran leloa Bai euskarari zen. Hamar urte pasatuta, lelo aldaketa beharrezkoa zen. Beste pauso bat eman behar zen: euskarak ez du aldekotasuna behar, ezagutzea eta erabiltzea baizik, eta horregatik proposatu zen lelo berria, Euskaraz bai. Sakondu behar zen. Ondo dago euskararen aldekotasuna eta ez dakitenek ere aldeko jarrera izatea, ikastoletan guraso askok egin duten bezala. Baina guk momentu honetan adierazi nahi duguna da hizkuntzak ezagutzea eta erabiltzea behar duela, irakaskuntzatik hasita. Oraindik ez dugu lortu gure gazte guztiak euskaldunak izatea; hori behin eta berriz eskatu du Kontseiluak eta jarraituko dugu eskatzen. Ondoren, alor guztietan, enpresa munduan, euskarak lekua izan behar du: ez dugu ezer lortzen irakaskuntzarekin euskaldunak sortuta gero lanean ez badute erabiltzen. Eta komunikabideak beste alor bereziki garrantzitsua dira Kontseiluarentzat.
Zein da hor egoera?
Gaur egun, zoritxarrez, ez dute betetzen bete beharko luketena: euskararen normaltze prozesuan parte hartzea dagokien partean. Kuotaz hitz egiten dugu, bestela ezinezkoa delako, alde batetik lor-tzen duguna bestetik galtzen dugu eta. Bestela kontraesanetan eror-tzen gara, gure gazteek ez dutelako behar adina euskara erabiltzen harritzen gara. Demostratuta dago euskaldunok leialtasunez atxiki-tzen gatzaizkiola euskarari, baina aukerarik ez badugu, euskaldunok ezin dugu euskaraz bizi.
Aukerarik gabe jarraitzen dugu?
Gu elebidunak gara, baina beste elebakarrek ez digute uzten euskara erabiltzen. Hori azpimarratu beharra dago, etorkizunean Euskal Herrian ez bailuke egon behar euskara ez dakien pertsonarik. Pertsona horiek badakite, nahiz eta gero haien hautu pertsonala beste hizkuntza baten alde egin, gutxienez hartu-emanak euskaraz, hizkuntza ofizial horretan egin ahalko genituzke, eta horrek euskarari etorkizuna ziurtatuko lioke.
Egun etorkizun hori ziurtatuta dagoela uste duzu?
Hori lortzen ez dugun bitartean, euskarak atzera joateko arrisku guztia dauka. Orain arteko hizkuntza politikarekin bere horretan ez dugu lortuko euskararen normalizaziorik inondik inora. Eta gu hori gogorarazteko gaude, eta gogorarazten dugu. Aurrerapausoak ematea nahi dugu eta horrek bitartekoak eskatzen ditu, ekonomikoak eta juridikoak. Hori bezain sinplea da. Badakigu honek gizartearen adostasun zabal bat eskatzen duela eta hori lortzen saiatzen ari gara.
Atzera egiteko arriskua erreala da?
Guk hori beti garbi ikusi dugu, orain arte lortu direnak, eta ez dugu ukatzen lortu direla, oso hauskorrak dira hizkuntza honek behar duen maila oso hori lortzen ez duen bitartean. Masa kritiko bat behar dugu, inplikatuta egongo dena eta pixkanaka sortzen ari gara multzo hori, baina oraindik ingurukoek duten indarrarekin konparatuta, desoreka handia dago.
Nekea nabarmentzen duzue gizartearen baitan?
Gizartearen zati handi batek pentsatzen du euskararen egoera nahiko ona dela, baina gu horren hauskortasuna eta ahulezia azpimarratzen saiatzen gara. Diskurtso baikorregiak kalte besterik ez dio egiten euskarari, pentsarazten duelako berez instituzioek segurtatzen dutela hizkuntzaren etorkizuna, eta hori ez da horrela. Etorkizuna erabiltzaileek segurtatzen dute. Aurrera goazela esan behar zaio jendeari, baina arriskua daukagu oraindik gelditu ez ezik, atzera ere joateko.
Egoera honetan, baikorra al zara?
Bestela ez nintzateke honetan arituko. Nik badakit etorriko dena geuk eginda etorriko dela beti, inork ez digu ezer oparituko. Nik egiten ez dudana ondokoak ez du egingo. Ez du balio esatea instituzioek egingo dutela, haiek ez dute salbatzen hizkuntza baten etorkizuna, lagundu edo kalte egin dezakete, baina hizkuntzak erabiltzaileak behar ditu, eta geuk erabakitzen dugu geure egunerokotasunean hizkuntzaren etorkizuna. Baikorra bai, baina lanean segitu behar dugu nekatu gabe, gero eta zuhurrago. Txikiak lor dezake handiak lortzen duena, baina ahalegin handiagoa egin behar du. Eta guk egin dezakegu.

Gracias por su comentario
¡Hecho!

Recibirás un e-mail para confirmar tu registro.
Enseguida te devolvemos a la página en la que estabas donde verás tu comentario publicado