Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa Grupo Noticias
44. durangoko azoka > inazio mujika, xabier mendiguren eta iñaki aldekoa editoreak

"Durangoko Azoka oasi bat da, baina arazoa ez da oasi bera, baizik eta gainerako basamortua"

Durangoko Azokaren atarian Euskal Herriko hiru editore bildu ditu NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak: Alberdaniako Inazio Mujika, Elkarreko Xabier Mendiguren eta Ereingo Iñaki Aldekoa. Azoka, liburu elektronikoa, euskara eta etorkizuna izan dira jorratutako gai nagusiak

Sara Etxart - Viernes, 4 de Diciembre de 2009 - Actualizado a las 07:43h

Inazio Mujika, Iñaki Aldekoa eta Xabier Mendiguren atzo, elkarrizketan zehar.

Inazio Mujika, Iñaki Aldekoa eta Xabier Mendiguren atzo, elkarrizketan zehar. (Gorka Estrada)

Galería Noticia

Donostia. Bizitzen ari garen egoera ekonomikoa kontuan hartuta, zein da zuen ikuspegia Durangora begira? Krisia nabarituko dela uste al duzue?

Inazio Mujika. Denok dugu zer gertatuko den beldurra. Durangok badu mantentzeko joera bat eta horregatik, argitaletxeak gero eta gutxiago bergiratzen diogu azokari. Garai batean zuen erabateko garrantzia ez izatea lortu dugu.

Xabier Mendiguren. Beldurra bai, baina itxaropena ere badugu. Krisiak betean harrapatu du gizarte osoa, gure sektorea barne, baina hala ere, esperantza badugu, ziurtasunik ez dugun arren.

Iñaki Aldekoa. Egunetik egunera krisi hitza entzuten ari gara etengabe. Azkenean horrek eragina izango du nahitaez.

Zertan aldatuko zenukete Durangoko Azoka? Forman edo edukian agian?

I.M. Funtzionatzen duen formula da eta horri eutsi egin behar zaio. Gauzak aldatu behar dira bai, baina pixkanaka. Nik ez dut sinesten sekulako iraultzan. Gizarteak eta sektoreak berak eragingo ditu aldaketak.

I.A. Hasiera bateko Durango, euskal kulturatik gertu zegoen eta aldarrikapen kutsu gehiago zuen. Baina gizartea aldatzen joan da denborarekin, eta horrekin jende gehiago hurbiltzen hasi da. Gizartearen aldatze prozesu hori eta garai bateko aldarrikapen giroa nola uztartu da erronka.

X.M. Durangoko Azokari egin zaizkion kitikak edo proposamenak bi norabideetatik etorri dira: Bata, Frankfurt edo Londreseko azokak bezala izan beharko lukeela, hau da, profesionalen azoka bat. Nire ustez, hori diotenak oker daude, ez baita errealista. Bestea, azokak gehiegizko pilaketa, kontsumismoa eta merkantilizazioa agertzen duela eta horren aurrean, espiritu purista edo kultura gehiago izatea eskatzen dute ba-tzuk. Baina Durangoko Azokak egun duen oinarria funtsean hartuta -azoka herrikoia izatea eta jendearen bilgune izatea-, guztiarako du tokia, bai azoka profesionalen topagune izateko eta bai, bilgune kulturala izateko.

I.A. Argitaletxeek beti nahi dugu gehiago liburuaren inguruan eta Durango betekada ederra bezalakoa izan arren, jendea horrekin ez konformatzea nahiko genuke. Liburua modu normalago batean gizartera-tzea nahiko genuke, Durango sinboliko bihurtzeko arriskua baitu.

X.M. Oasi bat da neurri batean, baina arazoa ez da oasi bera, baizik eta gainerako basamortua.

Nola ikusten duzue liburu elektronikoaren proiektua? Zeintzuk dira bere abantailak eta desabantailak?

I.M. Zain gaude oraingoz. Badakigu badatorrela eta trenaren barruan egoteko aukera aprobetxatu nahi dugu. Bide luze bat izango da, bere lan eta kostekin, baina euskal produkzioak ezin zuen trena galdu. Inork ez du oso garbi norabidea baina urte batzuren buruan gauzak garbiago ikusiko ditugu.

X.M. Euskarak trena gal ez dezan bai baina euskaldunek euskal literatura euskaraz dastatzeko eskubidea izateko ere bai.

I.A. Denok mundu berean bizi gara baina egoera mental diferenteak ditugu. Agian nik ez dut nire burua ikusten tresna horren bidez irakurtzen, baina gazteagoek egiten dute dagoeneko.

I.M. Ordenadorearekin ere berdina gertatu zen, eta orain dituen aukerak liluratu egin gaitu. Liburu elektronikoarekin gauza bera gerta daiteke.

X.M. Tresna horrek ez du papereko liburua jango. Biak biziko dira eta ziurrenik, urte askotan papereko liburua izango da nagusi.

Nola hartu dute liburutegi txiki edo independenteek aldaketa?

X.M. Tresna hauen erosketa orokortzen baldin bada eta liburuak elektronikoki jaitsi eta irakurtzeko ohitura zabaltzen baldin bada, kolokan dago liburudendaren tokia. Argitaletxeak Interneteko plataforma batean ipiniko du saltzeko aukera, dendetan bertan ere erosteko aukera zabalduko dugu. Baina noski, hezkuntza digitalean hazitako gazteek zertarako joango dira dendara liburua sarean zuzenean eskatu baldin badezakete? Orduan egia da zailtasunak dituztela baina kolokan egongo gara argitaletxeok ere, idazleak ere zuzenenan egin dezakeelako bide hori. Idazlea eta irakurlearen artean bitartekari garen agente guztiak, aurrera egingo dugu zerbait eskaintzen dugun neurrian.

I.A. Nobedadearen pruritoak indar handia du. Hori egoki irudikatzeko publizitatea sartzen da jokoan. Baina gai honen inguruan esajeratzen ari dela iruditzen zait.

I.M. Tresna oraindik garestia da eta urteak itxoin beharko dira. Esajerazio puntu hori izan dezake baina luzera begiratzen badugu, badator.

Liburudendek ez dute arriskurik beraz?

I.M. Bai badute, baina jakin behar dugu sektorean mugitzen garenok elkarrekin lan egiten. Inori ez zaio komeni gutako batek porrot egitea; liburudendek, banatzaileek eta argitaletxeek elkar hartuta joan behar dugu. Denon artean hitz egin eta liburudeei bideak ematen saitu behar dugu.

Etorkizunari dagokionez, zeintzuk dira editore bezala oraindik dituzuen betetzeko ametsak?

I.A. Editore zintzo batek esan zuen benetan gustatzen zaizkion liburuak argiratu beharko lituzkeela. Gustagarri egingo zitzaizkionak irakurleari, holako merezimendua zuten liburuak zirelako. Benetan irakurriak izan zitezen.

X.M. Etorkizuna nola izango den ez dakigu. Nik liburu onak argitara-tzen jarraitu nahiko nuke. Idazlea pozik gelditzea liburua kaleratu delako, irakurleek ere ondo hartzea testu hori eta komentatzea, gizartean eragin bat izatea eta idatzi berriak sortzen jarraitzea...Euskal kultura bizirik jarraitzea.

I.M. Nire ametsa profesionaltasun horretan aurrerapausoak ematea da, ahalik eta zerbitzurik egokiena ematen jarraitzea.

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902