Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa Grupo Noticias
jon abril Bertsolari Txapelketako epailea

"Bertsogintzatik urrutien dauden sektoreek elikatzen dute gehien bertso saio eta mitinaren arteko erlazioa"

Asteburu honetan jai hartu du Bertsolari Txapelketak. Denek dute -bertsolariek, gai-jartzaileek…- aisialdiaz gozatzeko aukera. Baita epaileek ere. Adibidez, Aralar alderdiko koordinatzaile ordea den Jon Abrilek. Txapelketako saio guztietan arituko da bertsoak epaitzen

ezpala - Domingo, 1 de Noviembre de 2009 - Actualizado a las 10:38h

Galería Noticia

donostia. Jon Abril (Bera, 1975) gogo eta ilusioz badabil lanean. Epaile izateak bertsoa beste era batean gozatzeko aukera eman dio.

Bertsolaritza eta politika uztargarriak al dira?

Bertsolaritzan politikan baino lehen hasi nintzen. Nire eguneroko lanean bertsolaritza ez da traba.

Ezagutzen al duzu politikaririk bertsolari planta duenik?

Ez. Bertsolagintzako zenbait gauza lagungarri izan ditut; adibidez, jendaurrean aritzea… Bertsolaritzak, bestalde, Euskal Herria ezagutzeko aukera eman dit.

Jon Abril "plazagizona" al da?

Neurri batean banaiz, jendearekin erlazioa izatea gustatzen baitzait. Jendaurrean kantuan aritzea, hori beste kontu bat da.

"Ez naiz bertso-saioetara joango mitinak bihurtu baitira" esaldia entzuna izango duzu.

Bai, baina ez nago ados. Eta gutxiago txapelketan. Gerta daiteke zenbait jenderentzat deseroso izatea gai batzuen inguruan bertsotan aritzea. Ni ez naiz gaizki sentitzen nahiz eta nire ideiak oholtzan islatuak ez ikusi. Gizarte anitz batean gaudenez bertsolariak askatasuna behar du bere hausnarketak plazaratzeko. Ez dut uste bertsolaritzan gizarteko gainerako esparruetan baino politika gehiago dagoenik. Bertsogin-tzatik urrutien dauden sektoreek elikatzen dute gehien bertso saio eta mitinaren arteko erlazioa.

Bertsoa, hein batean, etxeko iturritik edan zuen.

Bai. Amaren osaba bat, Luis Olaetxea, bertsotan aritzen zen. Famili bazkarietan edan nuen hasieran bertsoa. Halere, eragin handiena ikastolatik jaso nuen; Lontxo Aburuza bertsolaritza irakaslearen eskutik.

Bortzirietako bertso eskolan ere dastatu zenuen.

Bai. 15 urte izango nituen hurbildu nintzenean; bertsolaritzak asko erakartzen ninduen. Hasieratik nahiko argi izan nuen ez nintzela bertsolari izango. Bertso eskolek, bertsolariak ez ezik, epaileak, gai-jartzaileak… sortu dituzte. Bertsolaritza elikatzen jarrai-tzeko lanabes beharrezkoak.

Nork egin zizun epaile izateko eskaintza?

1995ean Nafarroako Txapelketan aldaketa handi samarrak zetozenez, Estitxu Arozena bertsolariak luzatu zidan gonbita. Epaimahaian bi hutsune betetzeko Patxi Larretxea eta biok sartu ginen. 19 urte nituen. Nafarroako epaile taldean, ni naiz beteranoena: 15 urte daramatzat. Txapelketa Nagusian, Joseba Santxo da eskarmentu handiena duena. Eta ondoren, ni.

Gogoratzen al duzu zure lehenengo epaiketa?

Primeran. 1995eko Nafarroako Txapelketako lehen kanporaketa izan zen. Aldude (Nafarroa Beherea) herriko zinemako goiko solairuan jarri gintuzten epaimahaikideok. Besaulkiak soilik zeudenez, mahairik gabeko epaimahaia osatu genuen.

Zuzenbide fakultatetik igaro gabeko epailea zara.

Bertso epaile izateko funtsa, bertsoak gustuko izan, entzun eta talde-lana gogoko izatea da. Bertsoetatik edatea da Zuzenbide fakultaterik aproposena.

Txapelketa, urriaren 3an, Zestoan hasi zen baina ordurako epaileek ibilbide luzea egina zenuten.

Bai. Urtarrila eta otsailean hasi ginen lanean. Harrez gero entrenatzen aritu gara. Hau da, bertso saio ezberdinetako bideoak ikusi, puntuatu eta denon artean eztabaidatu. Gero izaten ditugun zalantzen aurrean, solasaldi horietatik izugarri ikasten da.

Zer irizpide jarraitzen dituzu bertso bat epaitzeko orduan?

Lehenik, gaia idazten dut gero bertsolariak emandako lanari heldu dion edo ez ikusteko. Ondoren, errimak biltzen ditut.

Nola epaitzen duzue bertsolariek bertsoa prestatzeko erabiltzen duten denbora, potoa (esanahi bereko hitz bat behin baino gehiagotan erabiltzea)?

Bertso bakoitza zerotik hamarrera epaitzen dugu eta guztia hartzen dugu kontutan. Bertsoak botatzeko azkartasuna, adibidez, saritzen ari gara: komunikazio ekintza bat denez, elementu garrantzitsua. Potoa zigortu egiten dugu, baina baita emandako gaitik kanpo kantatzea edota ondoko bertsolariari ez erantzutea ere. Potoa ez egitearren ez hanka eta ez buru duen errima bat erabiltzea larria da niretzat.

Zuen epaia ezin da Hagako Auzitegian ere atzera bota, ezta?

Hala da. Inoiz etorri izan zaigu bertsolari bat edo beste harturiko erabakiaren baten inguruan galdezka. Bertsolari bakoitzak aukera du lortu duen puntuaketa aztertzeko. Jakitun gara gure lanak ez duela entzule guztiak asebeteko, baina fidelak gara irizpideekin.

Epaile epaitua sentitzen al zara?

Epaileen erabakiari kritika egiten diona ere, epaile bihurtzen da. Epaileok, en-tzule gaituak garela esaten dugu.

Inoiz damutu al zara hartutako erabaki batez?

Zalantzak izan ditut baina damutu, sekula ere ez.

Astelehenetan futbol-epailea denon ahoetan ibiltzen da. Nolakoa da bertso-epaile baten astelehena?

Txapelketako inorekin -bertsolari, gai-jartzaile...- topo egiten ez dudanez, oso lasaia. Esandakoak hedabideetatik jarraitzen ditut.

Hamar epaileetatik, bi bakarrik dira emakumeak (Bakarne Urreaga eta Mirari Azula).

Emakumea ari da pixkanaka taldean sartzen. Ni hasi nintzenean ez zegoen bakar bat ere. Aurrerapausoak eman dira nahiz eta ez dugun lortu parekotasuna. Bidea egiten joan behar dugu. Bertsolarien artean emakumea zeinen indartsu datorren ikustea bestetik ez dago.

Justizia, emakume batek irudika-tzen du. Eskuin eskuan ezpata darama. Ezkerrekoan, balantza. Zein da bertso epaile baten planta?

Kaleko pertsona arrunt bat inolako ezpatarik ez daramana eta itsua ez dena, noski. Bertso epaileok, aurreiritzirik gabe, begiak erne eta belarriak zabalik izaten ditugu. Bertsolari batek adierazten duena nire iritziarekin bat etorri ez arren, ondo kantatu badu, horren arabera epaitzen dut. Zure gustukoa ez dena entzuteko prest ez bazaude, ezin duzu epaimahai batean eseri.

Duela lau urte BECeko finalean izan zinen. Epaileontzat ere berezia izan al zen?

Bai. Han sortu zen giroa ez dut bertsotan sekulan sumatu. Belodromoko finalak handiak izan ziren baina BECekoa, ikaragarria. Ez dakit sentsazio haiek berriz errepikatuko ote diren.

Abenduaren 13rako planik?

Bai, Barakaldo. Osasun arazoren batek galarazten ez badit, BECeko finalean izango naiz.

las claves

"Bertsolariak adierazten duena nire iritziarekin bat etorri ez arren, ondo kantatu badu, horren arabera epaitzen dut"

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido


Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902