Datorren maiatzaren 8an Oiartzungo herritarrekin parte-hartze saio bat egingo da azkeneko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen Mugikortasun Planari buruz hitz egiteko. Behin-behineko plangintza da, hilabetez herritarrek ekarpenak egiteko eta aberasteko aukera izango baitute.

Mugikortasuna

Gobernu taldetik ohartarazi zutenez, nabarmen ugaritu dira azken urteotan mugikortasunaren ondorioz sortutako kutsadura eta arazoak. Kalte horiek murrizteko osatu dute Oiartzungo Mugikortasun Plana. “Gure mugikortasun ohitura eta honekin lotutako espazio publikoaren erabileraren inguruan hausnarketa egin eta eraldaketak eta estrategiak proposatzen ditu, klima aldaketari aurre egin, energia aurreztu eta herri atseginagoa lortzeko”, azaldu zuten.

Oiartzungo Udala Aitziber Muga

Plan “errealista, baina ausarta” osatu dutela esan zuen Ibon Mitxelenak, Ekonomia Sozialerako zinegotziak. Gogorazi zuenez, legealdi hasieran hartu zuten konpromisoetako bat izan zen klima aldaketari aurre egiteko Mugikortasun Plana osatzea.

2022an herriko mugikortasunaren inguruan egin zen diagnosia izan dute oinarri, eta bertan ateratako ondorioen baitan zehaztu dituzte helburuak eta ekintzak.

Garraio publikoa

Bost ardatz estrategikotan antolatu dituztela azaldu zuen: Oiartzungo ardatz aktiboak; garraio publikoa eszenatoki berrian; kotxearen zentraltasuna eraldatu; jarduera ekonomikorako eremuetan eragitea; eta hirigintza eta mugikortasuna.

Izan ere, orain arte emandako pausoetan sakondu eta konpromiso berriak hartu nahi dituzte “etorkizunari begira” egindako planean.

Horiek horrela, mugikortasunean egongo diren ohitura aldaketak jendearengan eragin positiboa” izango duela adierazi zuen zinegotziak, herriarentzat eta herritarrentzat “onuragarriak” izango direlako.

Azpimarratu zutenez, mugikortasun eredu jasangarriagoa lortzeko ezinbestekoa izango da Udalaren, herritarren eta eragileen elkarlana. Horregatik, arestian aipatu bezala, parte-hartze saio ireki bat antolatu dute herritarrekin plana osatzeko. Hitzordua maiatzaren 8an izango da, 18.30ean udaletxeko areto nagusian. Hobekuntza proposamenak jaso eta datorren hileko udalbatzarrean behin-betiko onarpena emango diote planari.

Mugikortasun Planaren proposamena bere osotasunean udal webgunean irakur daiteke.