Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sailak jakinarazi duenez, uztailerako antolatu dituen Udaleku Irekiak egitarauan begirale izateko izen-emate epea apirilaren 26ra arte zabalik izango da.

Epea errespetatu

“Epe hori errespetatzeko eskatzen dugu; ez baita begirale izateko eskaerarik onartuko epez kanpo”, adierazi dute Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sailetik.

Horiek horrela, informazio-orriak eskuratu eta izena emateko sistema aurreko urteetako berbera izango da. Informazioa Udalaren web orrian (www.pasaia.eus) edo Hezten aisialdi euskaltzalearen web orrian (http://www.hezten.eus/zerbitzu-orrialdeak/pasaiako-udaleku-irekiak-2024) eskuratu daiteke.

Hortaz, interesatuta dauden pertsonek Pasaiako Udalaren webgunetik deskarga ditzakete izen-emate orriak edo zuzenean Hezten aisialdi euskaltzalearen webgunean aurkituko duten formularioa bete beharko dute.

Baldintzak

Pasaiako Udalak azpimarratu duenez, udalekuetan onartua izateko eta hautaketa prozesuan parte hartzeko baldintzak hauek dira: 18 urte izatea eta euskara jakitea.

Hautagaiek proba bat egin beharko dute eta hautaketa sistemaren irizpideen araberako merituak ere baloratuko zaizkie.

Ohi bezala, hautatuek oinarrizko prestakuntza ikastaro batean hartu beharko dute parte, udalekuetarako beharrezkoak izango dituzten programazio ereduez, metodo pedagogikoez, eta abarrez, gutxieneko heziketa izan dezaten. Nahitaezkoa izango da ikastaroan parte hartzea udalekuetan lan egiteko.

Ikastetxea

Ikastaroa hasiera batean presentziala izango da Pasaiako ikastetxe batetan eta ekainaren 7an eta 8an burutuko da.

Begiraleen lan ordutegia 9.00etatik 13.30era izango da, astelehenetik ostiralera, uztailaren 1etik 30era. Hilaren 25 eta 26an jai izango dute.

Azkenik, Haur, Nerabe eta Gazteen Sailak jakinarazi nahi du hautaketa-prozesuaren ondorioz sortuko den zerrenda beste egitarau edo behar batzuetarako erabili ahal izango duela.